Iker Casanovak, Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak, adierazi duenez, etxebizitza da euskal herritarren “kezka nagusietako bat” eta “lehentasuna” EH Bildurentzat. “Horregatik dena emango dugu bizkaitar guztiek etxebizitza izateko aukera izan dezaten”, ziurtatu du gaur Iñigo Hernando Galdakaoko alkate eta alkategaiarekin batera egindako agerraldian.
Casanovak gogoratu dunez, “euskal herritarrek errentaren % 30 baino gehiago bideratzen dute etxebizitzara, batez beste, hilean 700 euro baino gehiago bideratzen dituzte familiek”. “Bizkaian, 2022an erregistratutako etxebizitzaren garestitzea % 4,09koa izan da, eta metro koadroa 2.869 €-koa da. Drama bat familia bizkaitar askorentzat eta arazo larri bat gazte askorentzako ere, izan ere, ez dute emantzipatzeko aukerarik euren soldataren %50a etxebizitzara bideratu behar dutelako”, azaldu du. Horren aurrean, EH Bilduk “etxebizitzaren eskubidea bermatzeko lan egingo” duela, “horretarako beharrezkoak diren neurriak martxan jarriz”, nabarmendu du.
Ildo horretan, gogorarazi duenez, “EH Bilduk eta ERCk akordioa lortu zuten Gobernuarekin alokairuen mugak ezartzeko eta etxegabetzeak eragozteko, etxebizitza alternatiborik ez badago”. “Hilabete asko izan dira lanean eta negoziatzen, baina azkenean lortu dugu euskal herritarren eta elkarteen eskaria errealitate bihurtzea”, gaineratu du.
Bere esanetan, “pauso garrantzitsua” izan da “etxebizitzaren arazoari amaiera emateko” eta “asko dira herri gisa eman beharko ditugunak”. “Baina bidea markatu dugu, eta orain arte ez genituen tresnak ditugu”, nabarmendu du. Horrela, azpimarratu duenez, “EH Bilduk bere onena emango du udaletan eta beste erakunde batzuetan, eman beharreko pausoak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen; EH Bilduk dena emango du bizkaitar guztiek etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezaten”.
“Etxebizitza eskuratzea eskubidea delako eta ez luxua eta, erakutsi dugun bezala, jendearen kezka nagusiak EH Bilduren kezkak direlako, horiei irtenbideak bilatzeko lan egiten eta lan egingon dugu”, adierazi du.
Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa
Ildo berean, Iñigo Hernandok “etxebizitza bizitza proiektua garatzeko ezinbesteko elementua” dela gogoratu du eta “ezinbestekoa” dela “administrazio publikoek etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzea”. Galdakaoko Udalean horretan ari direla azaldu du, izan ere, “etxebizitzaren problematika ikuspuntu sozial batetik kudeatu” dute, “behar gehien duten biztanleentzat 60 zuzkidura-bizitoki eraikita; era berean, 10 etxebizitza gehiago ditugu larrialdi-egoeretarako”. “Gainera, Alokabideren bidez, hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko laguntzak jarri ditugu martxan, baita NonBizi aholkularitza-zerbitzua ere”, gaineratu du.
“Etxebizitza negozio izatetik eskubide izatera igarotzeko beharra” aldarrikatu du, “herri honetan hamarkada luzez etxebizitza politikak eta araudia negozioa egitera bideratu baitira”. “Norabide hau aldatu beharra dago eta horretan ari da EH Bildu”, adierazi du.
Esaterako, azaldu duenez, “EH Bilduren lanari esker, orain araudiak etxebizitza herritarren beharrizanetara bideratzeko aukera ematen du”. “Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da: EH Bilduk egin du eta egiten jarraituko du: etxebizitza parke publikoak handitzea, alokairu soziala sustatzea, alokairu prezioen mugatzeko neurriak, edukitzaile handiekiko esku hartzea, pisu turistikoen erregulazioa eta zonalde tentsionatuetan interbentzioa beharrezkoak dira, besteak beste”, azpimarratu du.