AKTUALITATEA


| 2023-05-23 20:25:00

Iker Casanova ahaldun nagusigaiak adierazi duenez, EH Bilduk Arrigorriagako Udaleko “ateak ireki ditu, lehen itxita baitzeuden”. Horrela, “Arrigorriagan martxan dagoen gobernantza irekian eta kudeaketa onean oinarritutako eraldatze prozesuari jarraipena emateko beharra” nabarmendu du.

Casanovak Oihana Etxebarrieta legebiltzarkidearekin eta Maite Ibarra alkate eta hautagaiarekin batera egin ditu adierazpenok. Bertan, EH Bilduk udaletxean egindako lana goraipatu du, izan ere, “udaletxearen ateak ireki ditu, bizilagunak sar daitezen, baina baita alkatetza eta gobernu taldea kalera atera daitezen ere, Maite, Arrigorriagako kaleetan gora eta behera ibili da, herritarren esanetara”.

“Maitek udaleko ateak ireki ditu, herritarrak entzuteko, eta parte hartzea bermatzeko. Eraldaketa prozesu bat martxan jarri du, momentu konplikatu batean, pandemia tarteko”, gaineratu du.

Casanovak EH Bilduk Arrigorriagan abian jarri duen eraldaketa prozesua azpimarratu du, “aurreko Gobernutik jasotako arazo guztiei irtenbidea eman dielako eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko proiektuak martxan jarri dituelako”. “Eta orain prozesu horri jarraipena eman behar diogu, eta ziur gaude lortuko dugula, EH Bilduk udal gobernuan egindako lan onari esker”, azpimarratu du.

Ildo horretan, Maite Ibarrak azaldu du EH Bilduk egindako “lan gogor eta eraginkorrari esker, datozen hamarkadetako Arrigorriaga marraztu ahal izango dela, Hiri Antolamendurako Planaren, Mugikortasun Planaren, Mendikosoloko presa legeztatzearen, Lamiaena irekitzearen, pasabideen eta igogailuen bidez udalerrirako sarbideak hobetzearen eta San Juan eta Ollarga auzoak berriz urbanizatzearen bidez, besteak beste”. “Horri guztiari hurrengo legegintzaldian garapena emanez, hamarkadetan gure herriaren eraldaketa handienari ekingo diogu”, azpimarratu du.

Udala askoz hurbilago eta gardenagoa
 

Ibarrak gogora ekarri du EH Bilduk aurreko gobernutik jaso zituen hamaika arazo, alderdi soberanistak “erantzukizunez konpondu dituenak, beti herritarren onerako lanean izan delako”. “Udala zena baino gardenagoa eta hurbilagoa da herritarrentzat, eta eraikita zeuden harresi asko eraitsi ditugu”, nabarmendu du.

“Lau urte hauetan konfiantza hori berritzeko lan egin dugu, eta ziur nago gure proiektua dela Arrigorriagako herritarrak erarik hoberenan ordezkatzen dituena eta udalerri jasangarria, justua, anitza, feminista eta euskaldunagoa eraikitzeko borondatea duena”, azpimarratu du.

Beraz, bertaratutakoei eskatu die “ez daitezela nekatu gure bozgorailu izateaz eta irabazi nahi dugula errepikatzeaz, baina ez interes pertsonalagatik edo ezein karguri eusteagatik, baizik eta Arrigorriaga hobetzen jarraitu nahi dugulako (baita Galdakao, Arrankudiaga Zollo, Ugao, Zeberio, Zaratamo, Basauri edo Urduña ere), umiltasun osoarekin baina baita munduko anbizio eta ilusio guztiarekin ere, beti herritarren eskutik, kolektiboekin eta auzoekin batera lan eginez”.