AKTUALITATEA


| 2024-10-15 17:35:00

Busturialdeko herritarren gehiengoa ordezkatzen duten EH Bildu, Guzan, Armendu eta Murueta Independiente Taldeko alkate eta zinegotzien ordezkaritza batek, gaur Muruetan egindako agerraldian hartu dute parte. Jose Ramon Buli Bilbao Gernika-Lumoko zinegotziak eta Olatz Pujana Muruetako zinegotziak irakurri dute testoa:

Azkenaldian Busturialdea eztabaida publikoaren erdigunean kokatu da EAJ-PNV eta PSE-EEk gidatzen dituzten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak gure eskualdean bultzatu nahi duten Guggenheim Museoaren proiektua dela eta. Proiektu hau aspaldiko kontua zen gure eskualdean, eta azkenaldian erakunde hauek berau berreskuratzeak zeharo harritu gaitu, Busturialdeak badituelako premia eta behar sakonak, eta ez dugulako uste proiektu honek behar horiei irtenbidea emango dienik.

Hori horrela, hemen batu garen hautetsiok argi esan nahi dugu ez dugula proiektu honekin bat egiten ez formengatik eta ez muinagatik. Izan ere, alde batetik, ekosistema babestu baten horrelako proiektu bat eraikitzea Biosfera Erreserbaren helburuen kontra doa eta turistifikazioaren zein eredu ekonomiko tertziarizatuaren aldeko apustu horrek ez dio onik ekarriko ez ekosistemari ezta eskualdeko beharrizan sozioekonomikoei. Bestetik, gobernantza ereduaren ikuspuntutik, ez da onargarria eskualde bati bere etorkizuna guztiz baldintzatuko duen proiektu bat inposatzea bertoko herritarrekin kontatu gabe. Busturialdeko etorkizuna Busturialdean erabaki behar da.

Orain, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak esan dute entzuteko borondatea dutela, eta hori ezinbestekoa da eta ondo ikusten dugu, baina entzuteak soilik ez du balio, hitz egiten duenari ziurtasuna eman behar zaiolako kontuan hartuko zaiola. Ez dugu onargarria ikusten alde batetik herritarrak entzungo direla esatea eta bestetik proiektu hau bai ala bai egingo dela esatea.

Guk planteatzen duguna da eskualdeak behar duen alternatiba ezin dela etorri proiektu konkretu bat proposatzetik, mega-proiektu bat proposatzetik.

Erroko aldaketak behar dira, sakonekoak, eta aspalditik gabiltza eskatzen hausnarketa eta entzuketa fase bat behar duela Busturialdeak, eskualdearekin batera hartuko diren neurriak zehazteko. Baina berriro diogu, ez Guggenheim proiektuaren nolakotasunaz galdetzeko, eskualdearen beharrizanei heltzeko prozesu zabal bat baizik. Horretarako garaiz gaude.

Berriro diogu, Guggenheim Urdaibaik ez dauka proiektu ekonomikorik, ingurugirokorik edo kulturalik. Inork ez du hori ezagutzen eta hala ere EAJ-PNVk edozeren gainetik proiektu hau egin nahi duela dirudi. Guk ordea, herritarrak entzuteko eta haiei erabakitzeko eskubidea emateko garaia dela uste dugu.

Busturialdeak gehiago merezi duelako. Horregatik guztiagatik dei egiten diegu Busturialdeko herritarrei euren ahotsa altxatzera eta datorren larunbatean deitutako mobilizazioetan parte hartzera. Busturialdeak merezi duelako.