AKTUALITATEA


| 2023-04-25 13:49:00

Iker Casanovak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiarako EH Bilduren hautagiak, “Bizkaiko industriaren gainbehera egoeraren aurrean, lidergo publikopean garatuko den 5.0 industria eredua aldarrikatu du, teknologikoa, aurreratua, soziala, ekologikoa eta jasangarria, eta eskualde bakoitzaren beharrak kontuan hartuko dituena”, hain zuzen ere.

Casanovak adierazpenok gaur Igorren egin ditu, Illart Gumuzio, Igorreko Alkate eta alkategaiarekin batera.  EH Bilduren Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak azaldu duenez, “Bizkaia izan zen garai batean Euskal Herri osoko motor ekonomikoa”, baina, gaur egun “egoera hori aldatu da”, Euskal Herri osoan “industriaren gainbeheraren aurrean kokatzen gara, azken hamarkadetan industriaren pisua, bai enplegu kopuruan bai eta Barne Produktu Gordinean, erdira murriztu baita, industria politika sendo baten faltaren ondorioz”.

Horren aurrean, “Bizkaiari garai batean izan zuen lidergo ekonomiko eta industriala emateko” konpromisoa agertu du Casanovak, eta 5.0 industria eredua defendatu du: “alde batetik, teknologikoa eta aurreratua, egun industriaren etorkizuna soilik eduki teknologiko altu baten bidez bermatu daitekelako; beste alde batetik, soziala eta jendearen beharrak erdigunean jartzen dituena, langileak eta gizarte osoa aintzat hartuta; eta, hirugarrenik, ekologikoa eta jasangarria, soilik trantsizio ekologikoa baten bidez bermatu dezakegulako gure planetaren etorkizuna eta ongizatea”.

Horregatik, “industrializazio ausarta horren bidean eman behar diren politika publikoak biderkatzeko” deia egin du; izan ere, “azken finean, gure industriaren gainbeheraren atzean izkutatzen baita industria politika sendo, ausarta eta lidergo publikopean egiteko borondaterik eza”. “EH Bildun, aldiz, Bizkaia osorako eta eskualde bakoitzaren beharrak kontuan hartuta, lidergo publikopean garatuko den politika industriala defendatzen dugu”, nabarmendu du.

Bere esanetan, “botere publikoei dagokie lidergo hori izatea, sektore produktiboak koordinatzea eta industria 5.0 martxan jartzeko behar diren ahalegin guztiak aktibatzea, koordinatzea eta sustatzea”. “Ikerkuntza eta garapenaren aldeko inbertsioa egin, lurralde industrialaren aldeko politika aktibo bat, industriak behar dituen profilak formatzeko gaitasuna eta baita ere inbertsioak erakartzeko eta garapen endogenoa bultzatzeko gaitasuna eta, hori, soilik lortu daiteke lidergo publikoaren pean”, nabarmendu du.

Arratia

Casanovak adierazpenok gaur Arratian egin ditu, izan ere, “industriaren gainbeheraren lekukoetako” bat da eta, salatu duenez, “ez da egin ahalegin berezirik sektore berriak sustatzeko eta daudenak indartzeko”.

Bere esanetan, “Arratian, zalantzarik gabe, industriari zentralitatea eman behar zaio, baina, eskualdearen ezaugarriak kontuan hartuta, beste sektore batzuk ere bere pisua izan behar dute”, izan ere, Arratian, industria eta lehenengo sektorea bizitzen dira, eta “industriaren protagonismoa ukatu gabe beste garapen mota integratu bat sustatu behar da, sektore guztiak aintzat hartzen dituena”.

“Bizkaia polizentrikoa  eta anitza da, eta eskualde bakoitzari aitortu behar zaio, bere eredu sozio ekonomikoa definitzeko eta bere helburu estrategikoak finkatzeko aukerak eta horiek Bizkaiko instituzioetatik sustatu behar ditugu, politika aktiboen bidez”, nabarmendu du.

Bere aldetik, Illart Gumuzio Igorreko alkateak gogoratu duenez, asko dira azken urteetan itxi dituzten enpresak:  Alfus, Incoesa, Negarra, Araluce… “Baita Cementos Lemona edo Kelvionen moduan, langile borrokaren ondorioz ekidindako itxierak, eta kezkaz eta arduraz bizi izan dugun Batz-en garai txarra”, gaineratu du. 

Bere esanetan, azken urteetako gertaerok “ez dira  isolatuak, Arratiara ekarri duten desindustrializazioaren parte dira”. EHBildu borroka guztietan langileen eta euren familien ondoan, egon dela gogorazi du Gumuziok eta Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundian ere eskualdeko lan postuak defendatu dituztela gaineratu du, emaitzik gabe.

“Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak horren aurrean ezer egin ez dutenez, arratiarrok egin behar izan dugu”, salatu du. Ildo horretan, gogoratu duenez, Arratiako etorkizuna pizteko, gizarte zibila, bertoko enpresak, hezkuntzako eragileak eta bertoko  erakundeen hausnarketatik abiatuta, Errota sortu zuten eskualdeko garapen sozioekonomikorako. “Eta dabilen errotan ez da irinik faltako, urte hauetan ekarri baitu enpresak Arratian errotzea, bertako enpresetarako inbertsioak…”, gaineratu du.

“EH Bildun argi dugu. Arratiarrok Arratian lan eta bizi nahi dugu eta errota hauspotzen jarraituko dugu. EH Bildun irin horrentzat badaukagu ura, gatza, orioa eta legamia eta Iker izeneko okina. Iker delako Arratiaren garapen sozioekonomikoak behar  duen bidelaguna”, nabarmendu du.