Iker Casanova: "Lurraldeak dituen erronka handiei paradigma berriekin erantzutea bilatzen dugu, Foru Gobernuak arazo berriei errezeta zaharrak aplikatzen jarraitzen duen bitartean"
2025erako lurraldeko aurrekontu orokorrak negoziatzeko proposamenak aurkeztu ditu gaur Bizkaiko EH Bilduk. Bilbon egindako agerraldian, Iker Casanovak, EH Bilduk Batzar Nagusietan duen bozeramaileak, Foru Gobernuarekin negoziatzeko EH Bilduk aurkeztu dituen neurrien berri eman du. 32 proposamen dira guztira, 4 ataletan kokatuak eta 96 milioi €tan zenbatuak.
Bizkaiko aurrekontuetarako EH Bilduren ekimenak hainbat arlotakoak dira: gazteen emantzipazioa, etxebizitza-politikak, zainketen erronka, trantsizio ekosoziala, lurralde-garapen orekatua eta industria-ondarearen defentsa.
Iker Casanovak adierazi duenez, Foru Gobernuak «kanpai-hotsak entzun ditu, baina ez daki zehazki non jotzen duten», Bizkaiko Aldundiak egindako kontuen oinarrian kokatzen den bultzadari dagokionez. «Modu partekatuan identifikatzen dira lurraldearen erronkak, hori bai egiaztatu dugu, baina erantzuteko orduan, Foru Gobernuak ez du ulertzen zeintzuk diren gako berriak», eta, horregatik, EH Bilduk egiaztatu du Foru Gobernua «errezeta zaharrak aplikatzen ari zaiela arazo berriei».
Kontrara, EH Bilduk «paradigma berriekin eta ikuspuntu ezberdinekin erantzun nahi die lurralde honek dituen erronka handiei, aurreko eskemetan ainguratuta jarraitzen duen Foru Gobernuak ez bezala».
Identifikatutako arazoei irtenbidea ematen jakitearen klabe horretan, zainketen esparruan, adibidez, «zainketen eredu pribatizatzaile eta familietan oinarritua jarraitzen du aplikatzen Bizkaiko Jaurlaritzak beharrezko politikei ekiteko, eta EH Bilduk, berriz, paradigma publiko-komunitario baten aldeko apustua egiten du. Trantsizio energetikoari dagokionez, dena fio dira enpresen ekintzaz, baina EH Bilduk herritarren parte-hartzean eta lidergo publikoan sinesten du. Bestalde, subflubiala edo Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea dira haien proiektu izarrak, garraioari eta mugikortasun iraunkorrari dagokienez, aldiz, EH Bilduk garraio publikoko sistema baten eta horren elektrifikazioaren aldeko apustua egiten baitu».
Gainera, EH Bilduk azpimarratu du beharrezkoa dela Bizkaia polizentrikoaren garapenaren alde egitea, kasu honetan, herrialdeko aurrekontuek eman behar duten bultzadari dagokionez, "eskualdeko plan estrategikoak indartzeko neurriekin eta eskualde guztietan neurri zehatzak hartuz".
Era berean, EH Bilduk zerga-bilketaren oinarria handitu beharra dagoela adierazi du, «sakonki egin beharreko zerga-erreforma baten bidez, Bizkaiko lurraldeak baliabide gehiago behar dituelako, zerga-sistema progresiboago baten bidez lortuak, gehien duten sektoreek zergen bidez egiten duten ekarpena handitzeko».
BIZKAIKO AURREKONTUEN INGURUKO PROPOSAMENA (Gernikan, 2024ko azaroaren 20an)
EH Bilduk Euskal Autonomia Erkidegoko lau erakunde nagusien aurrekontuen prozesuaren baitan, akordio global baterako proposamena egin du. Ildo horretan, ezinbestekoa zaigu ikuspegiak bateratu eta norabide bakar bat finkatzea, gaitasuna eta ezagutza konektatu eta eskala instituzional guztiak koherentizatzeko. Izan ere, politika publikoen eraginkortasuna, lurraldeen arteko desberdinkeriak gainditzea eta hiru lurralde historikoetan proiektu kolektibo bakar bat ez izateak herri ikuspegian duen eragina nabarmena da.
Hiru lurraldeetan eta EAEn gobernuak sostengatzen dituzten alderdiek negoziazio formatu honi ezetz esan diote, ohiko elkarrizketa prozesuak lehenetsiz. Hala ere, guk uste dugu EAEko esparru instituzional guztien aurrekontuek perspektiba eta helburu bateratuak partekatu beharko lituzketela. Horregatik, Bizkaiko 2025 urterako aurrekontuetarako Foru Gobernuak aurkeztu duen proposamenaren aurrean gure ekarpenak hasieratik definitutako ildoen inguruan garatuko dira, Bizkaiko egoeraren araberako beharrezkoak diren moldaketak txertatuta.
2025 Bizkaiko aurrekontuen aurrean EH Bilduren proposamenak: 96 milioi €
Gazteen emantzipazioa sustatzeko neurriak: 5 milioi €,
-Konpromiso politikoa: Alokairuen prezioak erregulatzeko helburuarekin, eta erreferentziazko prezio-indizeen sistema propioa garatze aldera, Jaurlaritzarekin lankidetzan, bere eskumenekoak diren neurriak eta bitartekoak jarriko ditu.
-Erakundeen arteko akordioa ikasleentzako egoitza publikoak eraikitzeko: Gaur egun gazteek pairatzen duten arazo nagusienetakoa dira gehiegizko alokairuak. Ikasle askok unibertsitate inguruko herri eta hirietako alokairu altuei aurre egin beharrean aurkitzen dira. Proposamen honekin egoera honi aurre egitea bilatzen dugu. 5 Milioi €.
Zaintza: 40 milioi €.
-Konpromiso politikoa: Zaintzaren eremutik irabazi asmoa desagerraraztea ezinbestekoa da. Horretarako Diputazioak alor horretan zerbitzuak azpikontratatzeko egiten dituen lehiaketetan irabazi asmorik gabeko elkarteak lehenesteko klausula sozialak sartu beharko ditu.
-Gaur egun mendekotasun-balorazioa eskatzen duten pertsonek 64 egun itxaron behar izaten dute prozesua amaitzeko. Epe hori, hilabetera jaitsi nahi dugu. Balorazioak egiteko prozesua bera azpikontratatuta du Diputazioak, eta enpresen bidez egiten du, legeak prozesu horrek publikoa izan behar duela agintzen badu ere. Horregatik, prozedura ere Diputazioaren eskuetara bueltatzea garrantzitsua iruditzen zaigu. 8 milioi €
-Herritarrek zaintza zerbitzuengatik ordaintzen duten kopurua murriztu egin behar da, zaintza delako gaur egun ko-ordaintzen den oinarrizko zerbitzu publiko bakarra, eta horrek diskriminazioa eragiten du herritarrengan. Ko-ordainketa murrizten joatea ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta ortzimuga hori buruan, lehen pauso gisa proposatzen dugu ordaindu beharrik ez izateko gaur egun dagoen diru sarrera muga zabaltzea, horretarako erabiltzen diren erreferentzia indizeak berrikusita. 16 milioi €.
-Ezinezkoa da zaintza duintzea, zaintzaileak duindu gabe. Diputazioaren zuzeneko ardurapean daude adinekoen egoitzak, eta Aldundiak kudeaketa azpikontratatua du. 2022an berritutako EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legeak, horretarako artikulu argiak jasotzen ditu:38. g) Erakunde publikoetako sektore feminizatuetan diharduten langileen lan-baldintzak hobetzea sustatuko dute, azpikontratazioa mugatuz edo, halakorik ezean, gizarte-klausulak ezarriz kontratazio publikoan, administrazio publikoan baliokide diren jarduera edo kategoria profesionalekiko homologagarriak diren lan- eta soldata-baldintzak bermatzeko moduan.
Lege horrek berak jasotzen du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazio publikoak sektore pribatuan ere elkarrizketa sustatu behar duela, zehazki feminizatutako eta hitzarmen kolektiborik gabeko sektoreetan. Diputazioak inplikatu egin behar du, beraz. Bizkaian 2025ean tokatzen da adinekoen egoitzetako lan hitzarmena berritzea. Legeak diona betetzen hasteko eta zaintzaileen lan baldintzak duintzeko duen erantzukizunari aurre egiteko lehen saltoa eman behar da eta horrez gain lan hitzarmena gehiengoekin adostea ere ezinbestekoa izango da, bai gehiengo sindikalarekin eta baita patronalarekin ere.
10 milioi €.
-Zaintza ekosistemak Sestaon eta Abadiñon: Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta Sestao eta Abadiñoko udalerriekin batera, zainketa-ekosistemak martxan jartzeko prozesua abiatzea, eredu publiko-komunitario hori lurraldean zabaltzeko helburuarekin. 3,5 milioi €.
-Elorrio: Eguneko zentro berria egitea. 2 milioi €.
-Osasun mentala eta hezkuntza proiektua garatzea. Lurralde bakoitzean badago “Unidad Terapeutica Educativa” izeneko zentro bana. Zentro hauetara baliabide gehiago bideratzeko finantzazioa. 500.000€.
Trantsizio ekosoziala: 46,7 milioi €.
Bultzada publikoa trantsizio energetiko demokratiko eta ordenatu baterako: 5,5 milioi €.
-Eskualdez eskualdeko garapen agentzien bidez, deliberazio prozesuak susta ditzala Aldundiak legealdi honetan. Elikadura sistemaz, industriaren birmoldaketaz, mugikortasun ereduaz eta estrategikoak diren gainerako arloez hausnartu eta erabakiak har daitezen, gobernantza kooperatiboaren bidez. Milioi 1 €.
-Eraldaketa Bulego Komunitarioak eskualdez eskualde martxan jartzeko programak, bertako eragile ezberdinekin elkarlanean (garapen agentzia, landa garapen elkarte, kooperatiba...). 2 Milioi €.
-Martxan diren energia komunitateen iraunkortasuna eta nahikotasun finantzarioa bermatzeko neurriak, izan eguneroko gastuei heldu zein bazkide berrietara iristeko. Era berean, komunitate energetiko berriak sortzeko dirulaguntzak hedatzea. 2 milioi €.
-Uraren kudeaketa integratua: Uraren kudeaketa mendian hasten da, basoan lasaitzen, lurzoru eta lurrazpian jarraitzen du eta ibaietan bistaratzen da azkenik. Lehen urratsetako “ur berdeari” arreta gehiago eman behar zaio, mendi babesleak, hargune zainduak, mendi ekosistema osasuntsuak eta paisaia orekatua bilatuz. Horretarako, ur kaptazioen inguruan, espezie egokiak, bertakoak, landatzeko partida. 250.000€.
-Hondartzak: Hondartzetako dutxetan kontsumitzen den uraren kontrola eta berrerabilpen plana. 250.000€.
Mugikortasun jasangarri, publiko eta eskuragarri baten aldeko apustua: 34 milioi €.
-Espainiako gobernuaren erabakia edozein delarik ere, eta Batzar Nagusiek hartutako erabakiaren bidetik, egun indarrean dauden deskontuei eusteko konpromisoa. 20 milioi €.
-Garraio publikoa herritar guztien eskura jartzeko maiztasunak areagotu, metro unitate eta autobus kopurua igo eta elektrifikatzea izango da helburua. 6 milioi €.
-Bizkaiko Bizikletaren Estrategia urteko partida igotzea. Ildo horretan, azpiegitura berriak osatzea izango da helburua eta bizikletaren erabilpena bera bultzatzea. 5 milioi €.
-Muxika eta Gernika lotuko dituen oinezko eta bizikletazko ibilbidea gauzatzea. Milioi 1 €.
-Muskiz: Aurrekontuetan partida zehaztea errepideen plan sektorialean onartutako alternatiba gauzatzeko. Hau da, BI-734tik saihesbidea egitea Abantotik Sopuertara, horrela Sopuertara eta Enkarterriko eskualdera doan trafikoa Muskiz erdigunetik pasatzea saihestuko litzateke. 2 milioi €.
Garapen sozioekonomikoa: 2,7 milioi €.
-Eskualdeetako toki garapen planak egiteko partidak indartu. 500.000€.
-Urduliz: Mecaner enpresako instalazioak erostea proiektu ekosozial berriak bertan kokatzeko. 1,5 milioi €.
-Balmaseda: Encartada museoaren inguruan dauden lurrak erostea. Egun bertan kokatzen da lehen sektoreko “La rotura” proiektua. Erosketa honen bidez lehen sektorearekin erlazionaturiko formakuntza proiektua indartu ahalko litzateke, eta era berean Balmasedako Udalak duen turbina hidroelektrikoa aprobetxatu ahalko litzateke energia berriztagarrien formakuntza espazio bat egiteko. Proiektua Balmasedako Langabetuen Elkartearekin elkarlanean egingo litzateke. 700.000€.
Gertuko elikadura osasuntsuaren aldeko konpromisoak: 4,5 milioi €.
-Konpromiso politikoa: Aldundiaren eskumenekoak diren zentroetako jangeletan bertako produktuak sartzeko aukera aztertzeko eta kudeaketa zuzena eman ahal izateko plan bat diseinatu eta aurrera ateratzea. Helburu horretarako, klausula propioa ezarriko da.
-Sukalde komunitarioak babestu eta sustatzeko helburuarekin, Aldundiak proba pilotu bat jarriko du martxan, jangela kolektibo izaera izango duena eta bere menpeko zerbitzu baten (egoitza bati, adibidez), atxikita egongo dena. 1 milioi €.
-Lehen sektoreak bizi duen errelebo falta larriari behar bezala erantzuteko helburuarekin estrategia abiatzeko programa. 2 milioi €.
-Herrietako merkataritza eta elikadura merkatua egiteko azpiegiturak konpondu edo zaharberritzeko inbertsio publikoak herriei bideratu. Zehazki, Gernikako merkatu plazaren eraberritzeko hitzarmena sinatzea, eskualdeko lehen sektorea biziberritzeko neurri bezala. Milioi 1 €.
-Ortugintza haztegiak: Lurra prestatzea ortugintzan hasi nahi dutenentzat 3-5 urtetan enpresa sortzeko. Proiektuak formazioa barnebiltzen du. 500.000€.
Ondare industriala: 4,3 milioi €
-Zaratamo-Galdakao: “Barrios obreros” (Upomendi eta Santa Barbara) auzoen biziberritzea, auzoa biziberritu eta eraikinak konpontzeko proiektua gauzatzea, Foru Aldundiaren laguntzarekin. Milioi 1 €.
-Bilboko Zorrotza auzoan Molinos Vascos eraikinaren erosketa edo desjabetze prozedura abiatzeko, eraikuntza horri erabilera sozial bat emateko helburuarekin. Milioi 1 €.
-Sopuertan dagoen Los Herreros tunela konpontzeko, berriro irekitzeko eta bizikleta sarearekin lotzeko eta inguruan dagoen meatzaritza ondare babesteko lur erosketak finantzatzeko eta birgaitze eta balorizazio proiektuak hasteko. 2 milioi €.
-Gallarta: Meatzaritzaren museoa. Museoko meatzaritza historikoko kanpoaldeko elementuak babesteko estalkia egitea. 300.000€.