2025eko aurrekontuen harira Bizkaiko Diputazioak eta EH Bilduk lortutako akordioaren balorazioa egin du Bizkaiko EH Bilduk, Iker Casanova koalizioaren bozeramaileak eginiko agerraldi baten bitartez. «Akordio on baten aurrean gaude -esan du Casanovak-, askotan politikan eta bizitzaren beste alorretan zero batuketako akordioak daude, hau da, norbaitek irabasten duena irabasten du bestearen kontura, baina, uste dugu, beste batzuetan win win akordioak daudela, irabazi-irabazi akordioak daude, non, akordioaren bidez, onurak biderkatzen dira eta denek zerbait onuragarria eskuratu dezakete akordio hoietan. Uste dugu oraingo honetan horrelako akordio baten aurrean gaudela, eta hirugarren win bat gehituko genioke, irabazle nagusia, gure ustez, Bizkaiko hiritargoa delako».
Akordiorako gobernuaren borondate erreala egon dela azpimarratuz, eta EAJ eta PSEko bozeramaileen, zein Ogasun foru diputatua den Itxaso Berrojalbiz eta Elixabete Etxanobe diputatu nagusiaren jarrera eskertu ostean, EH Bilduren perspektibatik akordio honetan gauza asko irabazten duela koalizioak adierazi du Casanovak, «neurri zorta garrantzitsu bat indarrean jarriko delako eta neurri hoiek guztiak positiboak direlako, gainera, lortu dugu gure agenda politikoak zentralitaea hartzea, gure marko ideologiko eta politikoa erabakiorra izatea eta horren inguruan artikulatu egin dira lortu diren akordio eta proposamenak; eta gainera, elkarrizketarako eta akordiorako gaitasuna aldarrikatu eta demostratu egin dugu».
Baina horretaz gain, EH Biduren ustetan «hiritarrok irabazi dut» Bizkaiko kontuen harira lortutako adostasunarekin «eta hori, politikagintzan, ez dugu inoiz perspektibatik galdu behar, egiten dugun guztiaren helburua izan behar delako hiritarron beharrak asetzea, hiritarron kezkei erantzutea, eta Bizkaiko hiritar guztiak irabazten dute adostutako neurri guztiak positiboak direlako, neurri guztiek euren bizitza kalitatea eta euren eskubide eta zerbitzu publikoak hobetzen dituztelako».
Politika egiteko moduei dagokionez, «beste esparrutan ohituta gaude eztabaida politikoa konfrontazio gordinean murgiltzeko, baina hemen, uste dugu, lehia egon dela, alderdi eta ereduen arteko lehia egon dela, baina modu eraikitzailean definitu dugu eta mezu positiboa trasladatu diogu hiritargoari. Hemen hiritarrok eman diguten enkargoa ez da arazo berriak sortzea, baizik eta dauzkaten arazoak konpontzea eta hortara alegindu gara eta uste dut neurri batean hori lortu dugula».
Lehenengo aldiz sinatzen du EH Bilduk horrelako akordio bat Bizkaian, «azken hamar urteotan ez da Bizkaian horrelako akordiorik egon -azpimarratu du Iker Casanovak- eta inportantea da, mugarri bat da, baina gure ustez, akordio puntuala da. Ateak irekita gelditzen dira etorkizunean beste akordio batzuk egiteko, baina horrek ez du suposatzen gauza guztietan akordioak egongo direnik. Bizkaian bi eredu politiko ezberdin daude arazoei aurre egiteko, paradigma zorta ezberdinetatik aurre egiten diogu egoera politikoari eta paradigma ezberdintasun hori nabarituko da, besteak beste, zaintzaren alorrean, garraioaren esparruan, fiskalitatearen esparruan, eta beraz, Bizkaian, gure ustez, jarraitzen dute bi eredu, ezker-eskuin, aurrekoia-kontserbadorea aurrez-aurre egoten, nahiz eta noizean behin hiritarron onurarako akordio puntualak erdiesteko gaitasuna izan».
Hona hemen EH Bilduk Diputazioarekin adostutakoaren laburpena:
Etxebizitza eta gazteen emantzipazioa:
• Teknikoki, ahalik eta epe laburrenean eremu tentsionatuak zehaztea.
• Errentan hartutako higiezinak identifikatzeko eta eremu bakoitzeko alokairu-prezioak zehaztasunez erabakitzeko beharrezkoak diren eremuak errenta24 programan sartzea.
• EHUren Leioako campusean edo Aldundiaren jabetzako beste lekuren batean lurzorua jartzea, ikasle-egoitzak eraikitzeko.
Zaintza:
• Mendekotasuna eta desgaitasuna baloratzeko batez besteko denbora murriztea, eta premiazko kasuetan gehienez ere hilabeteko epea ezartzea.
• Balorazio eta Orientazio Zerbitzuko plantilla handitzea.
• Kontratazioan eta azpikontratazioan klausula sozialak eta berdintasunezkoak ezartzea, langileen lan-baldintzak hobetzeko.
• Haur, nerabe eta gazteen gizarte- eta hezkuntza-arloko zein osasun mentalaren arloko premien aurrean esku hartzeko aurrekontu-saila handitzea.
• Abadiñoko Udalaren laguntzarekin, udalerrian zaintza komunitarioko eredu bat abian jartzeko prozesua abiatzea.
Lurralde garapena eta trantsizio ekosoziala:
• Eskualde guztiei eskualdeko plan estrategikoak egiteko laguntza ematea.
• Landa-garapeneko elkarte eta mankomunitateen bidez, energia eraldatzeko proiektuak. Energia-komunitateei laguntzea.
• Espezie autoktonoak landatzea ur-harpenetan eta akuiferoen perimetroen inguruan.
• Egoitza batean esperientzia pilotua garatzea, tokiko ekoizleekin batera, eskaintzaren kudeaketa eta km0 produktuen hornidura lantzeko.
Garraio publiko eta mugikortasun jasangarria:
• Bizkaibusen maiztasuna handitzea garraio publikoaren arloko beste aukerarik ez duten eskualdeetan.
• Bizkaibusek pixkanaka ibilgailu elektriko gehiago sar ditzan, elektrifikazioa hastea.
• Bizkaibizi beste eskualde batzuetara zabaltzea, Bilbotik eta haren ingurutik harago, eta aldameneko udalerrien artean zerbitzu-proba pilotuak ezartzea.
• Oinezkoentzako bizikleta ibilbidea Muxika eta Gernika-Lumo artean.
• Muskizko saihesbidearen proiektua hasteko aurrekontu gehigarria.
Industria ondarea:
• La Encartada Museoko turbina martxan jartzea.
• Konponketak eta ibilbide-orria Molinos Vascos izeneko eraikinaren kontserbazioa, zaharberritzea eta balioa ematea bermatzeko.
• Sopuertako Udalarekin lankidetzan, Castaños inguruko meatze-ingurunea berreskuratzeko azterlana.
• Sopuertako Errementarien tunelaren proiektua bultzatzea.
Adostutako dokumentua, bere osotasunean, hemen azpian klikatu dezakezu.