AKTUALITATEA


| 2024-05-16 17:07:00

Elorrio eta Kanpazar arteko N-636 errepidearen trazadura eraberritzeko lau alternatiba aurkeztu ziren, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiek proiektu baten aldeko hautua egin dute Elorrio eta Arrasateko Udalaen ikuspuntua aintzat hartu gabe. Egoera horren aurrean, Arrasateko alkate Maider Morrasek eta Elorrioko Julene Lazkanok adierazpenak egin dituzte Kanpazarko gainean.

 

Landutako lau aukeren kostua 60 eta 155 milioi euroren artean dago, eta laurek lurren mugimendua, desjabetzeak, lurzoru kutsatuak izatea, lurren okupazioak eta ingurumen afekzioak jasotzen dituzte. Ondorioz, kalterik gutxiena eragiten duena eta herritarrentzat egokiena dena aukeratzea da bi udalen helburua.

 

Aldundiek aukeratu duten proiektu horrek bi udalerrien arteko eta Durangaldea eta Debagoiena eskualdeetako datorren menderako mugikortasuna definitu eta baldintzatuko du. Beraz, alkateek adierazi bezala, “erabakiak patxadaz eta ahalik eta adostasun handienarekin hartu behar dira. Udalen iritzia ere kontuan hartuta”.

 

Morrasen hitzetan, bai berak eta baita Elorrioko alkateak ere udaletxeetako ateak irekita dituzte bi aldundietako teknikariekin elkartzeko, azken horiek alternatiben azterlanaren edukiaren berri eman diezaieten eta ahalik eta modu zehatzenean azal ditzaten zeintzuk diren proiektu bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak.

 

Lazkanok, berriz, adierazi du bi udalak prest daudela alternatiben txostena eta bakoitzak sor ditzakeen eraginak aztertzeko. “Herritarrentzat egokiena den proiektua aukeratu nahi dugu”, gehitu du.

 

Kanpazarren egindako adierazpenetan bi alkateek aldundiei eskatu diete ahalik eta adostasun handienarekin hartzea alternatiba egokienaren erabakia. Horretarako, berriro ere berretsi dute lankidetzarako eta elkarlanareko prest daudela.