“Hego Uribe eskualdeko udalerrietako ur zikinak Galindoko hondakin-uren araztegira bideratzen dira. Baina urak haraino bideratzeko kolektorea Ugaoraino eraiki zen bakarrik, eta hor gelditu zen, ez zen gehiago luzatu eta sine die egoera batean gaude”, azaldu du Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak.
Aldi berean, Nerbioi Goieneko Arabako udalerrien ur zikinak, Laudion eraikiko den Basaurbeko araztegira bideratuko dira. Araztegi hori Bizkaia eta Araba arteko mugan eraikiko da. Araztegi hori Espainako gobernuak eraikiko du, eta 12 milioi euro bideratuko ditu azpiegitura hori gauzatzeko. Horretaz gain, kolektore desberdinak eraikitzeko milioi zorta ere jarriko ditu.
“Azpiegituren egoera hori izanda, tartean gauden Arrankudiaga-Zollok eta Arakaldok ez daukagu inongo araztegira gure ur zikinak bideratzeko aukerarik”, diote bi herrietako alkateek.
“Eskandalagarria da 2022.urtean gure ur zikinak ibaira bota behar izatea. Are gehiago, kontuan hartzen badugu Bakiola industriaguneko 70 pabiloietako enpresek ere ez dutela araztegirik ezta Galindora doan kolektorearekin konektatzeko aukerarik. Gauza bera esaten dugu Arbide eta Arakaldoko La Isla-Ugarriza industriaguneei buruz”, zehaztu du senatariak.
Alkateek diote bitartean, URAk udalak presionatzen, salatzen eta mehatxatzen jarraitzen duela, baina konponbidea ez dago haien eskuetan. “Argi dago udalok ez daukagula, inondik ere, horrelako azpiegiturarik finantzatzeko ahalmenik, beraz , ur zikinak Nerbioi ibaira botatzera behartuta gaude”, azpimarratu dute alkateek.
Jasangarritasunaren aldetik Hego Uribe eta Aiaraldea eskualdeak oso osorik hartzen dituen Nerbioi ibarraren biziberritze integralerako estrategia garatu beharko litzateke, probintziakeriak alde batera utzita, eta ur zikinen kudeaketa funtsezkoa da estrategia horretan.
“Guztiz premiazkoa da irtenbide bat ematea gure bi herriei. Urak gora eta urak behera, bi araztegirekin konektatzeko aukera dugu. Baina horretarako, kolektoreak eraiki behar dira, eta horretarako, Araban gertatu den bezala, beharrezko ekimenak aurrera eramango ditugu helburu horrekin”, bukatu du Idurre Bidegurenek.