AKTUALITATEA


| 2022-12-14 11:30:00

Azken lau ekitaldietako aurrekontuak alderatuta, ez dago beraien arteko aldaketarik. Honek esan nahi du ez dietela gizartean egon diren erronkei erantzuten. Hori dela eta, aurrekontu-proiektuaren kontra agertzeko arrazoi nagusiak argi ditu EH Bilduk.

Diru-sarrera eta fiskalitatearekin lotuta proiektu honek ez du egungo zerga-sistema aldatzeko neurririk. Honez gain, ezinbestekoa da gizarte zerbitzu publikoak sendotzea, ezin dira plaza publikoak galdu. Krisi ekologikoari aurre egiteko politika zuzenak eta baliabideak egon behar dira eta horretarako pertsonak, egiturak eta dirua behar da. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu behar da. Bukatzeko, gardentasun falta dago proiektuan; Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruko informaziorik ez da agertzen, ezta adinekoentzako egingo diren egoitza berri biren inguruan.

500 milioi egiturazko neurriak aplikatzeko

Esan bezala, Bizkaiak egiturazko aldaketak behar ditu, eta EH Bilduk horiek bultzatzeko neurriak proposatu ditu. Guztira 500 milioi baino gehiago, sail guztietan.

Diru sarrerak handitzeko 300 milioi gehiago. Hortaz gain gizarte zerbitzu publikoak sendotzea 37 milioi inbertituz, bertan sartzen delarik Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundean 4 egoitza berri egitea.

Trantsizio ekologikoa bultzatzeko guztira 71 milioi gehiago jartzea. Bertan, neurri garrantzitsu bezala tokiko energia komunitateak sustatzea eta energia eraginkortasunari loturiko proiektuak egiteko 30 milioi, uraren inguruko azpiegiturak bultzatzeko 28 milioi eta lehen sektorea eta baserritarren merkatuak biziberritzeko planerako 5 milioi.

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean lan asko egiteko du Bizkaiko Foru Aldundiak. Horretarako neurriak ere proposatu ditu EH Bilduk, guztira 4 milioi euro. Bertan, proposamen nagusiena sail ezberdinetan genero ikuspegia zehar lerro bezala txertatzeko 2,9 milioi.

Enplegua eta garapen ekonomikorako 9 milioi gehiago. Enplegu publikoa sortzeko 5,7 milioi, azpikontratatutako zerbitzuak enplegu publiko bihurtzeko. Eta era berean eskualdeen garapen orekatua bultzatzeko 3,2 milioi.