EH Bilduk premiazko mozioa aurkeztu du ekaineko Osoko Bilkurarako, Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzari Solokoetxeko egungo igogailuaren zerbitzua berehala berrezartzeko eska diezaion proposatuz. Igogailu hori enpresa esleipendunak itxi egin zuen ekainaren 17an, eta bizilagunak zerbitzu historiko hori gabe utzi zituen.
EH Bilduren mozioak planteatzen duenez, Sektore Publikoko Kontratuen Legea aplikatuz, Eusko Jaurlaritzak Solokoetxeko igogailuaren enpresa emakidadunari eska diezaioke hura berehala berrezartzea, eta, emakidadunak baiezkoa ematen ez badu, zerbitzua bahitu edo esku har dezake, eta Solokoetxeko igogailua zuzenean ustiatu, emakidadunaren elementu eta langile berberak erabiliz.
Jone Goirizelaiak, EH Bildu udal taldeko bozeramaileak, esan duenez, Solokoetxeko igogailua zerbitzu publiko “beharrezkoa” da auzoko bizilagunen mugikortasuna bermatzeko, bai eta Institutura, osasun-zentrora eta musika-eskolara joaten diren pertsonena ere.
Goirizelaiak gogorarazi du ekainaren 17an bizilagunek komunikabideen bidez izan zutela igogailuaren itxieraren berri, eta egun horretan bertan igogailuko langileek ezustean jaso zutela kontratua eteteko jakinarazpena.
Ildo horretan, adierazi du herritarrak “haserre” daudela “itxieragatik eta gardentasun faltagatik”. “Bizilagunek itxiera erakundeen utzikeriagatik gertatu dela uste dute, ez baita kontrolatu enpresa esleipendunak zerbitzua ondo eskaini izana ezta instalazioak baldintza onenetan mantendu izana ere”, azaldu du.
Egoera horren aurrean, Goirizelaiak gogorarazi du bizilagunak mobilizatu egin direla eta itxitako zerbitzua lehenbailehen berrezartzeko eskatzen ari direla; izan ere, Udalak igogailuaren ordezko gisa proposatutako autobusak “ez ditu betetzen ez garaiz, ez behar bezala, euren beharrak”.
EH Bilduko zinegotziak argitu duenez, irisgarritasun unibertsalari, itxarote-denborei edo zerbitzuaren erosotasunari dagokienez, minibusa “atzerapausoa” da, eta, aldi berean, zalantzan jarri du Udalak eman behar ote duen zerbitzu hori, eta ez Eusko Jaurlaritzak.
EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du “ez dagoela justifikaziorik” Solokoetxeko bizilagunen mugikortasun unibertsala bermatzen duen zerbitzua ixteko. “Premiazkoa eta beharrezkoa da zerbitzua berrezartzea; beraz, Udalak Eusko Jaurlaritzari, instalazioaren jabeari, eskatu behar dio eskura dituen baliabide legal eta ekonomikoak jar ditzala igogailua berriro irekitzeko”, nabarmendu du.