AKTUALITATEA


| 2025-04-30 11:06:00

Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, Bilbo tentsionatutako eremu izendatzea "hirian arazo larri bat dugula onartzea da, bilbotarrok gure diru-sarreren herena baino gehiago etxebizitza ordaintzeko erabiltzen dugula onartzea". "Horrek, zalantzarik gabe, prekarietatea sortzen du eta pertsonek emigratu edo pobrezia arriskuan bizi behar izatea eragiten du, batez ere errenta txikiena duten auzoetan", gaineratu du. 

Gune tentsionatuaren adierazpena egin ahal izateko beharrezkoa den 'Ekintza Plana' berandu datorrela adierazi du Renedok, eta EH Bilduk ildo horretan hainbat proposamen egin dituela gogorarazi du. Era berean, adierazpen hori neurriekin eta etxebizitza arloaren inbertsio handiagoarekin batera ez badator, "guztiz inkoherentea eta alferrikakoa izango dela", ohartarazi du.

Renedoren esanetan, "arazoa onartzea lehen urratsa da, orain kontsekuenteak izatea eta neurri eraginkorrak hartzea dagokigu", hala nola alokairuko etxebizitza publikoen eskaintza biderkatzea, alokairuaren prezioa topatzea, pisu turistikoak mugatzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea eta funts espekulatzaileak zergapetzea. 

EH Bilduko zinegotziak gai horiek guztiak mahai gainean jarri ditu gaur Yolanda Díez etxebizitza arloko zinegotzi arduradunak eskainitako agerraldian, Bilbo etxebizitza-eremu tentsionatu izendatzeari buruz hitz egiteko, hain zuzen ere. 

Denis Itxasok Etxebizitza sailburuak legea aldatuko zuela iragarri zuen gune tentsionatuetan pisu turistikoei lizentzia gehiago ez emateko. Horri buruz duten iritzia galdetu die Renedok udal gobernuko kideei. Halaber, edukitzaile handien etxebizitza hutsei kanona noiz aplikatzea aurreikusten duten argitzeko eskatu die. Kontu hori, gainera, EH Bildurekin adostu dute udal aurrekontuan. 

Halaber, gogorarazi du gobernu taldeak uko egin ziola EH Bilduk udal lurzoruak mobilizatzeko eta etxebizitza komunitario, tutoretzapeko eta zuzkidura-bizitokietarako erabil daitezkeen lurzoruak identifikatzeko egindako proposamena onartzeari, bizitegi-premia berriei erantzuteko. Gai hori, ordea, ekintza planean jasota dago orain. 

Renedok adierazi duen beste kontu bat da ezin izango dela alokairuaren prezioa mugatu, oraindik ez baita Erreferentziazko Prezioen Indizea ezarri, Aldundiak ez dituelako datuak pasatu. 

"Gobernukideak eraikitzearen beharrean soilik daude ados, baina argi dago soilik etxebizitza gehiago eraikitzeak ez duela arazoa konponduko. Etxebizitzen eskaintza berria prezio neurrigabeetan egiten da, eta datuek diote gero eta eskari handiagoa dagoela inbertitzeko eta etxebizitzarekin espekulatzeko. Beharrezkoa da etxebizitza eskubide gisa ulertzea, ez negozio gisa, eta espekulazioaren aurkako neurriak hartzea", gaineratu du.