Maria del Riok EH Bilduko bozeramaileak, hondakin-tasa berria proposatzean, gobernu taldearen "inprobisazioa" aipatu du. "Proposamen hori egin dute hurrengo urratsak planifikatu gabe; neurri hau espedientea betetzera mugatzen da, fiskalitatean soilik pentsatuz, birziklatze maila handiagoak lortzeko moduari erreparatu gabe", gaineratu du. Horrela, EH Bilduk gaikako hondakinen bilketa hobetzeko plan integral bat egitea eskatzen duen mozioa erregistratu duela iragarri du, maiatzeko Udalbatzan eztabaidatuko dena, alegia.
Maria del Riok adierazpen hauek egin ditu Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziak 2026ko Ordenantza Fiskalak aldatzeko proposamena azaltzeko egin duen agerraldiaren harira.
Horrela, Ajuriak jakinarazitako aldaketa puntuala, "ez dela nahikoa" adierazi du EH Bilduko bozeramaileak, "hondakin organikoak bilketara mugatzen baita". "Hau behin betiko sistema ez dela jakinda, nora joan nahi dugu? nola egingo dugu gaikako bilketaren datuak hobetzeko?", galdetu du.
"Udal Gobernuak 2023an eredu berria martxan jartzeko konpromisoa hartzea lortu genuen. Gobernu-taldea berandu dabil, eta, gainera, atzerapena ez dago justifikatuta, neurri zehatz bat jartzera mugatzen baita, plan edota ibilbide-orririk gabe, proposamenekin, helburuekin... ", adierazi du.
Hori dela eta, EH Bilduk "sakoneko eztabaidari modu irmoan ekiteko" eskatu du, "hondakinen sorrerak eta kudeaketak osasunean eta ingurumenean dituen ondorio negatiboak ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin". "Era berean, beharrezkoa da krisi ekosozialak dakartzan erronken aurrean udal-tasek duten zereginari buruzko eztabaidari ekitea", gaineratu du.
Del Riok ohartarazi duenez, "asko dugu egiteke"; izan ere, Bilbon azken urteetan emandako aurrerapenak "ez dira nahikoak izan", eta birziklatze-tasa gutxi handitu da. "Izan ere, 2023an etxeko birziklapena ez zen % 29ra iritsi, eta frakzio organikoaren kasuan, bilketa % 3,08ra baino ez zen iritsi", zehaztu du.
Horregatik, bere ustez, "ezinbestekoa da noraezean ez ibiltzea" eta, herritarrekin eta inplikatutako eragileekin batera, dagokion udal-tasaren ordainketan/kobrantzan aldaketa puntualak ez ezik, birziklatzean eta gaikako bilketan zuzenean eragiten duten aldaketak helburu dituen plan bat egitea.
"Bilbotik ere urrats ausartak eman behar ditugu trantsizio ekologikorantz esparru guztietatik, baita hondakinen kudeaketan ere. Sistema berri bat, eraginkorragoa, merkataritzako, sektore publikoko eta etxeko birziklatze-tasak handituko dituena eta, ondorioz, bilbotar guztien poltsikorako merkeagoa izango dena. Hilabeteak daramatzagu sistema berri honen diseinuan ekarpenak egiteko prest", esan du.