EH Bilduk azalpenak eskatuko ditu Bilboko Udalean zein Bizkaiko Batzar Nagusietan, Punta Zorrozan eta inguruko kaleetan Euskal Errota Handiek okupatzen zuten eraikinean amiantoa dagoelako, eta, aldi berean, hura lehenbailehen kentzeko neurriak eskatuko ditu.
Alderdi subiranistak bat egiten du Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak azaldutako kezkarekin, eraikin horretan eta inguruetan amiantoa dagoelako. Hori dela eta, lehenik eta behin, espedientea eskatu du Udalak gai honen inguruan duen informazio guztia ezagutu ahal izateko, amiantoaren presentziari buruzko informazioa barne.
Horren harira, bai Udalak bai Aldundiak txosten horiek noiztik dituzten galdetu du, eta zer ekintza burutu dituzten horren inguruan. "Erakundeen geldotasunak eta esku-hartze ezak zeri erantzuten dion jakin nahi dugu, batez ere material horrek duen arriskua kontuan hartuta", azaldu du.
Horren harira, eraikinaren jabeekin izandako elkarrizketen inguruan ere galdetu du alderdi subiranistak, baita hauek dituzten arduren inguruan eta Udalarekin berarekin izan dituzten balizko elkarrizketen inguruan ere.
"Beharrezkoa da amiantoa kentzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea eta horiek ahalik eta azkarren gauzatzea, eta hori da, hain zuzen ere, EH Bildutik eskatuko duguna: ekintzak, aurrekontua eta epeak inguruan bizi diren pertsona guztien osasuna bermatzeko", gaineratu du.
"Industria-ondarea zaintzea eta balioan jartzea funtsezkoa da memoria historiko eta soziala duen hiri eta eskualde bat eraikitzeko. Ondare hori abandonatzeak horrelako ondorioak ditu; ekiteko garaia da", amaitu du.