EH Bilduk adierazi du Gobernu taldeak Azkuna zentroan egindako kudeaketak "agerian uzten duela bere noraeza kultur politiketan eta kulturarekiko konpromisorik eza". "Bere jarduerekin agerian uzten du hirirako definitutako kultur eredu baten falta, inplikatutako eragileei bizkarra emanez eta kulturan eta artean erreferente izateari uko eginez", gaineratu du.
Alderdi soberanistak Azkuna Zentroko Zuzendari Nagusia hautatzeko prozesua izan du hizpide, Fernando Pérez aurreko zuzendariak, zentroaren kudeaketarekin izandako desadostasunen ondorioz, dimisioa eman ondoren.
Azaldu duenez, Azkuna Zentroko zuzendaritzarako eskatzen den profila espazioaren beraren kudeaketara mugatzen da, eta ez espazioaren dinamizazio kulturalera. Hala, adierazi du ez dela ezinbesteko baldintza etorkizuneko zuzendariaren kultura- eta arte-arloko esperientzia, ez eta kudeaketarekin batera doan kultura-proiektu bat egotea ere.
"Hasiera batean zentroak bi buru izatea planteatu bazen ere, espazioaren kudeatzailea eta kultura-kudeatzailea, hain zuzen ere, gaur egun aukera hori baztertuta dago", adierazi du EH Bilduk. Bere ustez, Azkuna Zentroak "Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroa izaten jarraitu nahi badu, zuzendariak kulturaren eta artearen munduan ezagutza eta esperientzia egiaztatuak izatea ezinbesteko baldintza izan beharko lituzke".
EH Bilduk gogorarazi du dagoeneko salatu duela "kulturaren esparruan, oro har, eta, bereziki, Azkuna zentroaren kudeaketan, udal gobernuaren inprobisazio nabarmena". Ildo horretan, "erreferentziazko espazio artistiko bat galdu dela" adierazi du, non egoitza artistikoak ez ezik, arte garaikidearen esparruko unibertsitate-master bat ere garatzen zen.
"Zertan bihurtu nahi du gobernu-taldeak Azkuna Zentroa? Zergatik egiten dio uko erreferente artistiko eta kultural izateari? Zergatik ematen die bizkarra espazioaren kudeaketa koherentea eskatzen dieten eragile zein banakakoei?", galdetu du.
"Azkuna Zentroa kudeatzeko modu hori bateraezina da kultur politika egonkorrak, koherenteak eta puntakoak garatzearekin", adierazi du. "Azkenean, espazio hori kultur edukiz hustea lortuko dute, erabilera anitzeko zentro bihurtzeko, Bilbon kulturaren erreferente izatearekin bateraezina dena", gaineratu du.
Azaldu duenez, Udalak, Aldundiak eta La Caixa Fundazioak sinatu duten hitzarmena, Gazteria eta Kirol arloak bere gain hartu du eta, ez ordea, Kultura eta Gobernantza arloak. Hori "esanguratsua" da, EH Bilduren iritziz; izan ere, "agerian geratzen da, berriz ere, inprobisazioa eta kulturarekiko konpromisorik eza". Azkenez, kultura-politika publikoetan koherentzia eta beharrezkoak diren baliabideak bideratzeko eskatu dio alderdi soberanistak gobernu taldeari.