AKTUALITATEA


| 2021-03-25 10:37:00

 

EH Bildu Udal Taldearen ekimenez, Bilboko Udalak  Bilbobuseko egungo lineei buruzko azterketa egingo du, berrantolaketa-prozesuari ekiteko lehenengo pausu bezala, egun dauden beharretara egokitu daitezen. 

Ikerketa horretan bidaiari kopurua, azken urteetako joera eta etorkizuneko beharren ikuspegia jasoko dira eta berrantolaketa besteak beste, "barrutietan eta auzo-kolektiboek egindako eskaera historikoak eta aurreikusitako hirigintza garapena kontuan hartuta" egingo da. Gobernu taldeak eta alderdi soberanistak egindako zuzenketa onartu ostean lortu dute akordioa, EH Bilduk aurkeztutako mozio baten ondorioz.

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak, adierazi duenez, onartutako ekimena "urrats garrantzitsua" da Bilbobuseko lineen berrantolaketa "lehenbailehen" egin ahal izateko eta, horrela, "Bilbotarren benetako mugikortasun-beharretara egokituko den  autobus sare bat izateko, izan ere, egungo sareak gabeziak ditu, eta horiek konpondu egin behar dira". 

Ildo horretan, hainbat auzotako bizilagun eta elkarteek EH Bilduri helarazitako beharrak aipatu ditu Zubizarretak. Adierazi duenez, beharrezkoa da 13 (San Ignacio-Txurdinaga), 48 (Santutxu-Lezeaga) edo 18 (San Ignacio-Zorrotza) lineen maiztasuna handitzea, Otxarkoaga eta Santutxu lotzen dituzten 34 eta 43 lineetan  maiztasunak handitzea edo autobus handiagoa jartzea, bai eta zerbitzuak murriztu dituzten hainbat linea indartzea:  3 (plaza birbila-Otxarkoaga), 58 (Mintegitxueta-Atxuri) eta 27 (Sarrikue-Atxuri), izan ere 58 linean eragin handia izan du  (Altamira, Arestizabala, Kobeta, Masustegi y Monte Caramelo). 

Zorrotzako bizilagunek linea berri bat sortzeko eskatu dute, erdigunera hurbilduko dituena. Kastresana, Masustegi, Monte Caramelo eta Altamira auzoek ere urteak daramatzate auzo horiek lotzeko linea bat eskatzen. Era berean, Miribillako bizilagunek zerbitzu eskasa dutenez, linea gehiago eskatu dituzte. 

"Hauek adibide batzuk dira, baina askoz gehiago daude; hori dela eta, uste dugu gaur lortutako akordioa oso positiboa dela, Bilboko herritarren eskaera historiko bati erantzuna emateko eta Bilbobusen berrantolaketa egiteko, benetako mugikortasun-beharretara egokitu dadin", gaineratu du.