EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak alokairuko etxebizitzak eskuratzeko programak bultzatuko ditu barrutietan, gazteek auzoetan bizitzen jarraitu ahal izan dezaten. Horrela, datorren urtean Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean Errotze programa martxan jarriko da berriro. EH Bilduren eta gobernu taldearen artean erdibidetutako zuzenketa bat onartu ostean lortutako akordioa da, alderdi soberanistaren mozio baten ondorioz.
Garazi Perea EH Bilduko zinegotziak adierazi du akordio "oso garrantzitsua" dela; izan ere, "gazteei etxebizitza bat eskuratzen lagunduko die, eta, gainera, beren auzoetan egin ahal izango dute, eta horrek, zalantzarik gabe, bizitza komunitarioa indartzen lagunduko du".
Ildo horretan, gogorarazi du 2023an 18 eta 35 urte bitarteko ia 5.000 pertsona joan zirela Bilbotik kanpora bizitzera. Esan duenez, "nahiz eta hori egiteko arrazoiak ugariak izan, zalantzarik gabe etxebizitzaren prezioa eta enplegu duin falta pisuzko arrazoiak dira". Izan ere, zehaztu duenez, gazteek soldataren %60 inguru bideratu behar dute etxebizitzara, arrazoizkotzat jotzen den %30aren oso gainetik".
Pereak azpimarratu du beharrezkoa dela gazteak Bilbon bizitzea, eta horregatik dela hain garrantzitsua lortutako akordioa. "Bilbok gazteak behar ditu. Eta hiriko gazteek Bilbon bizi nahi dute, euren auzoetan, hazi diren lekuetan, alegia. Hori da gure proposamenaren espiritua: errotzea, komunitatea eta etorkizuna", nabarmendu du.
Ildo horretan, azaldu duenez, "emantzipatzea ez da bizitzeko toki bat izatea soilik; bizitza-proiektu bat eraiki ahal izatea da; zure auzoan geratu ahal izatea, zure jendetik eta eguneroko ingurunetik gertu, alegia. Horrek, gutizia izatetik urrun, bizitza komunitarioa indartzen du".
"Bere auzoan geratzen den gazte batek auzoko elkarteetan parte hartzen du, tokiko merkataritzan kontsumitzen du, bizitza kultural eta soziala dinamizatzen du. Azken batean, auzoak bizia izan dezan laguntzen du. Eta bizirik dagoen auzoa seguruagoa, atseginagoa eta kohesionatuagoa da", nabarmendu du.
Haren ustez, lortutako akordioak helburu horiek guztiak lortzen lagunduko du. Gainera, Pereak gogorarazi du kontua ez dela programa berri bat sortzea, baizik eta Otxarkoagako edo Bilbo Zaharreko gazte asko emantzipatzen lagundu zuen Errotze Plana berreskuratzea. Horren bidez 150 etxebizitza inguru esleitu baitziren eta helburuak bete zituen. "Programa berriro martxan jartzea eta barruti guztietara zabaltzea neurri bideragarria eta beharrezkoa da", esan du.