AKTUALITATEA


| 2025-10-30 18:00:00

 

EH Bilduren ekimenez, Etxebizitzarako Herritarren Arretarako Bulegoak pertsona migratuei etxebizitzaren arloko eskubide eta betebeharrei buruzko aholkularitza eskainiko die. Era berean, herritarrei zuzendutako informazio-kanpaina bat egingo da errentarien eskubideei eta betebeharrei buruz. 

Akordio hori EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko zuzenketa transakzionatu bat onartu ostean lortu da, alderdi soberanistak aurkeztutako mozio baten ondorioz. Angelica Orozco EH Bilduko zinegotziaren ustez, akordioa "aurrerapauso" bat da eta espero du aholkularitza-zerbitzuak etxebizitza eskuratzeko prozesuan migratzaileenganako diskriminazio-egoerak saihesteko balio izatea; izan ere, haren esanetan, "gero eta pertsona edo familia gehiagok salatzen dute jatorriagatik diskriminatuak direla, higiezinen operadore baten bidez etxebizitza-errentamenduko kontratu bat sinatzen saiatzerakoan". 

"Horrek, gainera, pertsona migratzaileen oinarrizko eskubideei eragiten die; izan ere, etxebizitza eskuratu ezin dutenez, ezin dira erroldatu eta, beraz, ezin dituzte osasun txartelari edo hezkuntzari lotutako eskubideak eskuratu, erabateko babesgabetasun-egoeran geratuz", ohartarazi du. 

Orozcok zehaztu duenez, higiezinen arrazakeria "ez da gai ekonomiko bat, izan ere, pertsonak arraza-profilagatik, jatorriagatik eta abizenagatik diskriminatzen dituzte". Hain zuzen ere, esan duenez, "ez dugu hutsune horri aurre egiteko tresnarik", adierazi du, eta gaineratu du "gaur lortutako akordioak hutsune hori betetzeko balio izatea". 

"Etorkina izatea ez da per se ahultasunaren sinonimoa. Gure ustez, harrera-lekuetan ezarritako politika publikoek edo praktikek jartzen dituzte kolektibo jakin batzuk egoera horretan, eta horren adibide da higiezinen arrazakeria", azaldu du. 

Horregatik, adierazi du administrazio publikoek neurriak hartu behar dituztela praktika toleranteak bultzatzeko eta etxebizitza bilatzearen ondoriozko diskriminazioak bereziki eragindako taldeei laguntzeko, eta "hori da gaur lortutako akordioarekin lortu nahi dena” amaitu du.