AKTUALITATEA


| 2025-10-30 10:12:00

Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak deitoratu du gobernu taldeak uko egin izana alderdi soberanistak sustapen berrietan etxebizitza babestuen erdiak alokairuan izateko egindako proposamena onartzeari. "Gure mozioa onartuz gero, HAPOn jasotzen diren 15.000 etxebizitzetatik, gutxienez, 3.500 alokairu-erregimenekoak izango ziren", nabarmendu du. 

Aldiz, esan duenez, EAJ-PSEk zuzenketa bat onartu du, "ekarpenik ez egiteaz gain, zalantzak sortzen dituena"; izan ere, "soilik salmentarako  etxebizitza babestuen betebeharrari eustearen alde egiten du, alokairuko etxebizitza ere eraikitzearen aldeko apustua egin beharrean".  "Kezkatuta gaude legediak ezartzen dituen estandarrak soilik mantentzeaz, kontuan hartuta, gainera, larrialdiko neurrien dekretuak horiek murriztuko dituela jakinarazi dutela", gaineratu du. 

Renedok gogorarazi duenez, 2025eko bigarren hiruhilekoan, Bilbok "beste marka bat hautsi zuen": 30.000 pertsona baino gehiago zeuden izena emanda Etxebiden; 20.000 norbanako eta 10.000 familia. Horietatik %75ak alokairuan bizitzea eskatu zuen, 23.720 bizikidetza-unitatek. Esan duenez, familia horietako 5.000 etxebizitza-premia berezian daude. 

"Argi dago alokairuko etxebizitzen eskaria gero eta handiagoa dela, hautapenagatik edo gero eta gazte gehiagok ezin dutelako jabetzako etxebizitzetan pentsatu. Nolanahi ere, eskaintza publikoa iraingarria da itxaron-zerrenda horren aurrean", nabarmendu du. 

Egoera horren aurrean, Karlos Renedok azaldu du EH Bilduk alokairuko parke publikoa biderkatzea proposatzen duela, lurzorua kalifikatuz hiriko etxebizitza babestu berrien %50a gutxienez erregimen horretan izan daitezen; izan ere, "alokairuko parke publiko handi batekin bakarrik erantzun ahal zaio eskari horri, eta, ondorioz, merkatuko prezioak arautu". 

Renedok ekimen hau abian jartzeko beharra zehaztu du, honako arrazoi hauengatik: "Lehenengoa da alokairuko etxebizitzetarako lurzoru-erreserba handia aurreikusi behar dela, eta bigarrena, garrantzitsua delako planifikatzea etxebizitza hori auzo guztietan banatuta egon dadin", azaldu du. 

Horrela, gutxienez alokairu publikoko 225 etxebizitza egin beharko lirateke Abandoko geltokian, 135 Olabeagan edo 450 Punta Zorrotzan, hirian guztira 3.500 banatu arte. 

Alokairu publikoaren %2a baino ez 

Era berean, gogorarazi du Bilbon dauden 166.671 etxebizitzetatik %2a baino ez direla alokairu publikokoak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022-2036 Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialak, Udalak sinatuak, alokairuaren eskaintza publikoak 2036an %5 izan behar duela ezartzen duenean. "Beraz, datorren hamarkadan hirian alokairuko etxebizitza publikoen eskaintza egungoaren bikoitza baino gehiago izan beharko litzateke", adierazi du. 

Gainera, Udalak 2024an Bilbo bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu duela gogorarazi du, eta, beraz, "legean jasotakoarekin eta Katalunia bezalako beste toki batzuetan egiten ari direnarekin bat etorriz, udal lurzoruak etxebizitza sozialak eraikitzeko erabiltzeko konpromisoa hartu behar du, baita etxebizitza horien gutxieneko bat alokairuan jartzeko konpromisoa ere", EH Bilduk mozioan planteatu duen bezala. 

"EH Bilduk Etxebizitzaren Euskal Sistema Publikoa sortzearen aldeko apustua egin du, Osasunean edo Hezkuntzan ezagutzen dugunaren antzekoa. Horretarako, besteak beste, ezinbestekoa da etxebizitza babestuaren eskaintza zabala izatea, behar duten pertsonei estaldura eman ahal izateko. Hala ere, argi dago EAJ eta PSE ez daudela prest horretarako", gaineratu du.