AKTUALITATEA


| 2025-10-30 14:57:00

Etxebizitza hutsak mobilizatzeko helburuarekin, Bilboko Udalak 2027an horiei Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ) errekargua handitzeko konpromisoa hartzea lortu du EH Bilduk. 

Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, "etxebizitza-beharrak gora egiten jarraitzen duen egungo egoeran, onartezina da Bilbon gero eta etxebizitza huts gehiago egotea". "Politika fiskalaren gaitasun eraldatzailea ezin dugu alde batera utzi eta egoera aldatzeko erabili behar dugu", nabarmendu du. 

Ildo horretan, gogorarazi duenez, 2022ko ekainean, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza hutsei buruzko dekretua onartu ondoren, horiei urteko kanona ezartzea aurreikusten zuena, Bilbok 200 etxebizitza huts atera zituen merkatura, eta, aurtengo apirilean, kanona aplikatzerakoan 400 etxebizitza huts gehiago mobilizatuko zirela aurreikusten zuten. "Zalantzarik gabe, OHZren errekarguak egun Bilbon dauden 9.000 etxebizitza huts baino gehiago mobilizatzen lagunduko du", adierazi du. 

Horrela, Maria del Riok uste du "berri ona" dela etxebizitza hutsari aplikatutako OHZren errekargua %25etik %75era pasatzea, nahiz eta gehiago egin zitekeen, izan ere, EH Bilduk Aldundiak baimentzen duen gehiengora, %150era, alegia, igotzea eskatzen zuen, Donostian egiten den bezala eta Sestaon eta Basaurin onartuko duten moduan. 

EH Bilduko bozeramaileak zehaztu duenez, proposamenaren helburua "ez da dirua biltzea", baizik eta "etxebizitza hutsa mobilizatzea eta, aldi berean, diru-sarrerak udal etxebizitza politiketara bideratu ahal izatea". "Askotan defendatu dugun bezala, beharrezkoa da Etxebizitza Arloari bultzada garrantzitsua ematea", nabarmendu du. 

"Etxebizitza babestuaren eskaintza zabala, askotarikoa eta hainbat motatakoa lortu behar dugu, herritarren beharrak asetzeko. Lehentasuna izan behar da eta espero dugu behar hori islatuta egotea datorren astelehenean ezagutuko dugun aurrekontu proiektuan", adierazi du. 

Azkenik, Del Riok adierazi du gaur onartutako etxebizitza hutsari aplikatuko zaion OHZren igoera "urrats" bat dela, "udal gobernuaren jarrera aldaketa bat suposatzen duelako". Izan ere, gogorarazi duenez, aurtengo maiatzean EH Bilduk eskaera hori osoko bilkuran egin zuenean, udal zerga eta tasen eztabaidaren barne, "ez zen gure proposamena onartu eta ez zen horren aldeko mugimendurik egon". 

"Bost hilabete geroago, Osoko Bilkura honetan egoera oso bestelakoa da. Beraz, erabat asebetetzen ez gaituen urratsa bada ere, baiezko botoa emango diogu zuzenketari ", gaineratu du.