AKTUALITATEA


| 2022-10-26 11:40:00

EH Bilduren udal-taldeak mozio bat erregistratu du datorren urriko Osoko Bilkurarako. Horren bidez, gobernu-taldeari eskatzen dio Udalak azpikontratatutako enpresa guztietako langileen eta hirian hainbat ekitaldi antolatzeko azpikontratatzen diren enpresen langileen lan-egoeraren gaineko jarraipen zehatza egiteko plangintza bat egin dezala.

Jone Goirizelaia bozeramaileak azaldu duenez, ekimen horren helburua da dauden beharrak detektatzea, lan-desberdintasunak zuzentzea, prekarietatea saihestea eta gai horiei guztiei buruzko kontrol-mekanismoak indartzea, enpresa horietako langile guztiei lan duina bermatzeko.

Goirizelaiak gogoratu duenez, Udal Gobernuak azpikontratatutako enpresa ugari ditu bere eskumenekoak diren zerbitzu publikoak eskaintzeko. Horrek, bere esaetan, “desberdintasunak sortzen ditu udal-langileen eta azpikontratetako langileen artean” eta, horren ondorioz, “asko izan dira azpikontratatutako langileek aurrera eraman dituzten mobilizazioak, langileengan eta zerbitzuen kalitatearen gain eragina izan dutenak”.

Gainera, EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi duenez, “desberdintasun egoera hori are nabarmenagoa” da Udalak sustatutako hainbat ekitaldi antolatzeko azpikontratatutako enpresak direnean, adibidez, BBK Live, izan ere, “bertako langileek lan-baldintza oso txarrak salatzen dituzte”.

“EH Bildu Bilbon argi daukagu zerbitzu publikoen kudeaketa zuzena dela lan-eskubide duinak bermatzeko modurik onena eta, ondorioz, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko”, adierazi du. Hala ere, gaineratu duenez, Udal Gobernuak “azpikontratazioaren bideari jarraitzen dion bitartean, neurri gehiago ezarri behar dira baldintza-agiriak betetzeari buruzko jarraipen zehatzagoa egiteko, langileen eskubideak urra ez daitezen”.

Kontrol hori, bere ustez, “zehatzagoa izan beharko litzateke plantillak mobilizatzen ari diren azpikontratetan, eta, nolanahi ere, edozein luzapen formalizatu aurretik”. Horregatik guztiagatik, kontrol-mekanismoak indartzea proposatzen dugu, langileen lan baldintza duinak bermatze aldera.