Maria del Riok, EH Bilduren Bilboko udal taldearen bozeramaileak, eta Patxi Xabier Fernandezek, EH Bilduko zinegotziak, Aste Nagusiko jai-ereduaren "arrakasta" nabarmendu dute gaur. "Beste behin argi gelditu da Aste Nagusiaren arrakasta lan eta ahalegin komunitario izugarriaren emaitza dela. Bilboko Konpartsen eta milaka bilbotarren borondatezko lanari esker, Bilboko jaiak bakarrak dira munduan", azpimarratu dute.
Aste Nagusia baloratzeko egindako prentsaurrekoan adierazi dutenez, bederatzi egunetan, bi milioi pertsona baino gehiago hurbildu dira Aste Nagusira, eta adin guztietako pertsonek askotariko aisialdi, kultur eta kirol eskaintzaz gozatu ahal izan dute, ia eguneko 24 orduetan. "Bilboko Konpartsek 600 jarduera baino gehiago programatu dituzte, eta horiei Udalak programatutakoak gehituta, Bilboko jaiek eskaintza herrikoia eta anitza izan dute", azaldu du Fernandezek. Eragin ekonomikoari dagokionez, aurtengo datu ofizialen zain, inbertitutako euro publiko bakoitzeko hirian inpaktu positibo gehien duen ekitaldia dela zehaztu du.
Bere esanetan, "txosnak barra bat baino askoz gehiago dira, jai herrikoien bihotza eta gure nortasun kolektiboaren isla, adin guztietako pertsonek elkarrekin espazio libreak, parte-hartzaileak eta herriari irekiak eraikitzen baitituzte".
Aipamen berezia egin die pregoilariari eta txupinerari, Onintza Enbetia bertsolaria eta Ainhoa Urrejola Kaixoko konpartsakidea, hurrenez hurren, izan ere, Aste Nagusi osoan zehar, "festaren ordezkaririk onenak bihurtu dira". "Hunkituta hasi zuen pregoia Onintzak eta guztioi hunkitu gintuen mundu justu baten alde egindako aldarrikapenarekin", nabarmendu du.
Jaia eta aldarrikapenak
Aste Nagusiak jaia eta aldarrikapenak uztartzen dituela agerian gelditu da beste behin, Fernandezen ustez, "Bilboko herri mugimenduen aldarrikapenen eta borroken isla izan dela, alegia". Horrela, besteak beste, Bilboko Konpartsek eta GUKAk elkarlanean abiarazitako “Aste Nagusian Euskara Nagusi” kanpaina, manteroei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea, Ikurrinaren omenaldia, aniztasunaren kalejira eta Soinu Teknikariak, Pentsiodunen Mugimenduak eta Sarek, besteak beste, deitutako mobilizazioak aipatu ditu. "Guztiek herritarren babes zabala jaso dute. "Palestinari elkartasuna baita presente egon da Bilboko Aste Nagusian", gaineratu du.
Ildo horretan, Maria Del Riok aurten Aste Nagusian ikuskizunetako teknikariek lan baldintza duinen alde deitutako grebari aipamena egin dio. "Oztopoak oztopo, eta Udal Gobernuak erakutsi zuen enpatia, inplikazio eta erantzukizun falta gorabehera, greba arrakastatsua izatea lortu zuten, sektorearen eskaerak ikusaraziz". Elkartasuna berretsi ostean, euskal langileriaren lan baldintzak duindu eta prekarietatearekin amaitzearen beharra aldarrikatu du Del Riok.
Bestalde, berriro ere, Udal Gobernuak kaleko salmentari "ematen dion erantzuna poliziala izateak kezkatzen" diola esan du. Azaldu duenez, "kontuan izan behar dugu pertsona horiek egoera zaurgarrian daudela eta, hortaz, erantzuna horren araberakoa izan behar dela". "Urteetan zehar egoera horri irtenbide bat bilatzen saiatzea eskatzen ari gara. Irtenbidea zalantza barik politikoa eta soziala izan behar da, ez poliziala. Izan ere, bizirautea ez da delitua", azpimarratu du.
Aurten Bilboko Konpartsek ez dutela eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikoen kontrako protokoloa aktibatu behar izan adierazi du. "Erasorik gabeko jaiak lortzeko lanean jarraitu behar da, adi jarraitu behar dugu guztiok", adierazi du. Ildo honetan Bilboko Konpartsei eskertu nahi die, hainbat mugimendu eta elkarteekin batera, "pertsona guztientzako jai eta espazio seguruekin duten konpromisoa eta egiten duten lan izugarria".
Prentsaurrekoa Enbeitaren hitzak gogorarazten bukatu du Del Riok:"Mundu bat sortu dezagun aste hau bezain librea".
Bilbon, 2026ko abuztuaren 31n