AKTUALITATEA


| 2026-07-30 11:24:00

Bilboko Udalak Astillero kaleko zabaldegian aldagelak eta udal garbiketa zerbitzuen biltegia behin betiko jartzeko hartutako erabakiaren kontra agertu da Zorrotzako Auzo Elkartea, izan ere, horrela zorroztarrek egunero erabiltzen duten espazio komunitario bat murrizten da. EH Bilduk auzo elkartearen aldarrikapenekin bat egin du eta babesa helarazi dio.

Ildo horretan, EH Bilduren ustez, "kezkagarria" da horrelako erabaki bat hartzea "aldez aurretik informaziorik eskaini gabe, eztabaidarik gabe eta Barrutiko Kontseilutik igaro gabe, organo horretan auzotarrek parte hartzen baitute auzoari eragiten dioten jarduerei buruz erabakitzeko".

Gogorarazi duenez, duela urte batzuk, Zorrotzako Auzo Elkartearen ekimenez eta EH Bilduko ordezkarien babesarekin, Zorrotzgoiti Bidea hobetzeko proiektua onartu zen Barrutiko Kontseiluan. Zehaztu duenez, 2022an aurkeztutako proposamen teknikoak oinezkoentzako ibilbide segurua eta eremuaren antolamendu integrala aurreikusten zituen, udal-instalazioak onartutako proiektuaren barruan aurreikusitako eremuan mantenduz.

Horregatik, bere ustez, "ulertezina" da "orain Udalak adostutakoa funtsean aldatu nahi izatea, instalazio horiek behin betiko bizilagunek asko erabiltzen duten oinezkoen zelaigune batera eramanez, auzoko eguneroko bizitzaren parte den aisialdirako eta topaketarako espazio bat murriztuz".

EH Bilduren arabera, "Zorrotzgoitiko Bideko obrek irauten duten bitartean, behin-behineko konponbideak jartzea beharrezkoa izatea ulertzen dugu". Hala ere, nabarmendu du "ez dela bidezkoa aldi baterako neurri bat behin betiko bihurtzea, auzoa aintzat hartu gabe eta demokratikoki hartutako akordioak errespetatu gabe".

"Auzoei eragiten dieten erabakiak ezin dira bizilagunei bizkarra emanda hartu, ezta parte-hartze organoetan hartutako erabakiak alde batera utzita ere", nabarmendu du.

Hori dela eta, EH Bilduk "auzoak adierazitako borondatea eta Barruti Kontseiluan hartutako erabakiak errespetatzeko" eskatu du. Era berean, aldageletarako eta garbiketa-zerbitzuen biltegirako edozein behin betiko irtenbide "bizilagunen ordezkariekin eta auzo osoarekin eztabaidatu eta adostea" eskatu du alderdi soberanistak.

Bilbon, 2026ko uztailaren 30ean