Maria Del Riok, EH Bildu udal taldeko bozeramaileak, ordenantza fiskalei bere taldeak egindako zuzenketen berri eman du gar prentsaurrekoan, "fiskalitate justuagoa eta eraginkorragoa" lortzeko, "kalitatezko zerbitzu publikoak garatzen jarraitu ahal izateko".
Gogorarazi du EH Bilduk hamarkada bat baino gehiago daramala tasa turistikoa, "turismoa gobernatzeko tresna gisa" erabiltzea defendatzen. Ildo horretan, azaldu duenez, alderdi soberanistak aurkeztutako zuzenketekin Bilboko Udalak tasa turistikoagatik "aurreikusitakoa baino 11 milioi euro gehiago bilduko lituzke, hau da, guztira 25 milioi euro inguru, Udal Gobernuak egindako proposamenarekin bilduko lituzkeen 14 milioien ordez".
Ildo horretan, Del Riok azaldu du EH Bilduk bi ardatz proposatu dituela zergarako. Lehenengoaren bidez, bost edo lau izarreko hoteletan baimendutako gehiengora iristea eskatzen du, eta ikasleen egoitzak, hotel gisa funtzionatzen dutenean, hiru izarreko hotelekin parekatzea. "Gogoratu behar da, ordenantza hau onartu ezean, foru-arauak agintzen dituen gehienekoetara joango ginela nahitaez, eta udal gobernuaren proposamena hortik oso urrun dagoela", gaineratu du.
Bigarren ardatza Bilbo intentsitate turistiko handiko udalerritzat hartzeari dagokio. Izan ere, Del Riok gogorarazi duenez, "foru-arauaren 11. artikuluak Bilbo bezalako kasuetan % 50eko errekargua aplikatzeko aukera ematen du, udal-gobernuak hura aplikatzeari uko egiten dion arren".
"Tasa turistikoa martxan jarriko da behingoz eta, benetan eraginkorra izan dadin aipatutako proposamenak aurkeztu ditugu, izan ere, ezin dugu 25 milioi euro biltzeari uko egin, kantitate hori Etxebizitza, Hezkuntza edo Bilbao Kirolak sailetako aurrekontua baino gehiago baita", adierazi du.
Gainera, diru horrek, Del Rioren esanetan, "turismoak etxebizitzaren merkatuan edo zerbitzu publikoetan sortzen dituen tentsioei aurre egiteko balio beharko luke, baita gure ekonomia dibertsifikatzeko ere". "Azken batean, 25 milioi horiek ez dira Bilboko herritarren poltsikoetatik ateratzen", gogorarazi du.
Etxebizitza hutsak
Bestalde, Del Riok adierazi duenez, etxebizitzaren krisiari aurre egiteko, EH Bilduk OHZren errekargua ahalbidetzen duten tresna guztiak martxan jartzea eskatu du, etxebizitza hutsak mobilizatzeko. Horrela, alderdi soberanistak "errekarguaren % 150era iristea proposatzen du, arauak baimentzen duen bezala, eta ez erdipurdika martxan jartzea, Udal Gobernuak proposatzen duen bezala".
"Ez du zentzurik EH Bildutik bultzatzen ari garen kanona bezalako tresna berri bat martxan jarriko dela iragartzeak, OHZren errekarguaren % 150 aplikatzeari uko egiten dioten bitartean. Gobernukideak euren politiketan ados jarri eta koherenteak izan beharko lirateke, ez baikara ari dirua biltzeaz, baizik eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeaz, gure hiriak bizi duen bizitegi-krisiari aurre egiteko neurri gisa", adierazi du.
Azkenik, eta OHZri dagokionez, Del Riok adierazi du beste proposamen batean, EH Bilduk eskatzen duela OHZ hobaria ematea guraso bakarreko familiei, ordainsaririk gabeko pentsioak edo DBEa jasotzen dituztenei.
"Neurri eraginkorra da, eta pertsonen poltsikoetan eragiten du; ez da normala, foru-arauak duela urte batzuetatik baimentzen badu ere, udal-gobernuak uko egitea neurri hori aplikatzeari", nabarmendu du. "Zergatik? Zerk justifikatzen du foru-arauak ematen dituen aukerak ez erabiltzea gehien behar dutenei hobaririk ez emateko, kasu honetan, batez ere, emakume alargunei?, gaineratu du.