AKTUALITATEA


| 2026-07-29 08:59:00

Maria del Rio EH Bilduko udal bozeramaileak gaur Udal Gobernuari galdetu dio "zergatik ez duen aplikatzen foru arauak 11. artikuluan jasotzen duen tasa turistikoaren errekargua", kontuan hartuta, hori egin ezean, Bilbok "zazpi milioi euro gehiago biltzeari uzten diola".

Ordenantza Fiskalei buruzko Batzordean adierazi duenez, errekargua ez aplikatzea "deigarria" eta "harrigarria" da, intentsitate turistiko handia dute udalerriei arau foralak aukera ematen baitie, turista/biztanle ratioa eta ohe kopurua kontuan hartuta.

"Bilbo turismo-intentsitate handiko udalerritzat jo daiteke", nabarmendu du. Hala ere, esan duenez, Udal Gobernuaren txostenean "ez dago zazpi milioi euro baino gehiagori uko egitea justifikatzen duen esaldi bat bera ere". "Etxebizitza edo hiri-berroneratze arloen aurrekontua gainditzen duen kopurua, alegia", gaineratu du.

"Galdera argia da, Bilbok, Foru Aldundiak ezarritako irizpideak bete eta gainditzen baditu, Udal Gobernuak, azalpenik eman gabe, zergatik egiten dio uko foru arauaren 11.2 artikuluari eta, beraz, 7.250.000 euro jasotzeari?", azpimarratu du.

OHZ

Etxebizitza hutsei dagokienez, Udal Gobernuak proposatzen duen OHZren errekarguak "hutsik dagoen etxebizitza mobilizatzea bilatzen du"; baina, Del Riok adierazi duenez, "erdipurdika, foru arauak errekarguaren % 150era iristea ahalbidetzen baitu", EH Bilduk eskatu bezala.

Etxebizitza hutsa mobilizatzeko eskura dauden tresna guztiak etxebizitzaren krisiari erantzuteko erabili behar direla adierazi ondoren, udal gobernuaren erabakien "eraginkortasun faltak" "harritzen" duela esan du Del Riok, izan ere, "EH Bilduk sustatutako kanona martxan jarriko dela iragartzen duen bitartean, OHZren errekarguaren % 150 aplikatzeari uko egiten dio".

"Badirudi arlo ezberdinen artean komunikaziorik ez dagoela, eta Ogasuna eta Etxebizitza bakoitza bere aldetik dabilela. Gure ustez, Etxebizitza hutsei OHZren errekarguaren helburua ez da dirua biltzea, etxebizitza hutsak mugiaraztea baizik", esan du.