AKTUALITATEA


| 2025-01-24 11:20:00

Euskarari bultzada emateko, bere presentzia soziala bermatuz, eta politika kulturalak eta sorkuntza sustatzeko, hiru proposamen aurkeztu ditu EH Bilduk urtarrileko Osoko Bilkuran, "herritar zein eragile kulturalen aldetik jasotako kexei zein kezkei erantzuna emateko". Horrela adierazi dute gaur prentsaurrekoan Maria del Rio EH Bildu udal taldeko bozeramaileak eta Nerea Undabarrena zinegotziak gaur eskainitako prentsaurrekoan.

Horrela, alde batetik, udal kultur-zentro bakoitzeko eskaintza eszeniko-kulturala elebiduna izateko pausoak emateko proposamena aurkeztu dute, bestalde  Biribilko, Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko proiektua indartzeko mozioa eta, azkenez, artisauen sorkuntzarako eta ekintzailetzarako lantegi-espazio bat martxan jartzea eskatu du EH Bilduk.

Del Ríok adierazi duenez, udal eta instituzio ororen "betebeharra" euskara zein kulturari bultzada bat ematea izan beharko litzateke, "politika kultural zein linguistikoek erdigunea hartzeko".

Euskarazko udal eskaintza eszeniko kulturala

Undabarrenaren esanetan, "hori lortzeko bide bat euskarazko udal eskaintza eszeniko kulturala handitzea da, Bilboko paisaia linguistikoan salto kuantitatibo zein kualitatibo bat emanez"; izan ere, "oraindik asko dago hobetzeko". Esate baterako, aipatu duenez, "Bilboko biztanleen erdiak euskaraz jakin arren, orain arte euskarazko kultur eskaintza gehiena ume eta nerabeei bideratuta egon da, publiko nagusia alboratuz".

Horrez gain, Undabarrenak nabarmendu duenez, udal kultur zentro handienek "euskarazko eskaintza albo batera utzi dute", Arriaga Antzokiko adibidea aipatuz, "non oraindik ere marginala den". Hori dela eta, EH Bilduren proposamenean udal kultur zentro bakoitzaren eskaintza aipatzen da eta ez eskaintza globala.

Paisaia linguistikoa egun batetik bestera ez dela aldatuko jakinda, bide-orri egingarria planteatzen du EH Bilduk. "Lehenengo pausu batean, euskal kultur eskaintza handitzea bi urtetan %33ra heltzeko –gaur egunekoa biderkatuz. Bigarren pausua, 2030eko epemugan, euskarazko eta gaztelaniazko arte eszenikoen eskaintza parekatzea litzateke", azaldu du Undabarrenak.

"Gure proposamena onartzen eta praktikan jartzen bada, kultur-sorkuntzan ere eragin positiboak izango ditu, lehen mailako plazak eskainiko baitzaizkie zazpi herrialdeetako kultur sortzaileei, Bilbo erreferentziazko plaza bilakatuz bai kulturarentzat bai euskararentzat, sortzaile gazteak erakarriz", azpimarratu du.

Biribilko

Paisaia linguistikoa aldatzearen beharraz jabetuta, taberna eta dendetan euskararen erabilera sustatzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk; Biribilko, Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko proiektua indartzeko eskatuz. Horrela, Bilboko Udalak BilbaoDendak plataformarekin elkarlanean garatzen duen programa horri etengabeko jarraipena ematea eta lizentzia berria eskatzen duten establezimenduei programa horren berri emateko proposatzen du.

Era berean, Biribilko programa zabaltzeko aldizkako kanpainak abiaraztea eta Eusko Jaurlaritza zein Bizkaiko Foru Aldundiko merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko programekin behar bezalako koordinazioa areagotzeko proposatzen du.

Artisautza

Hirugarren proposamena sorkuntzarekin lotuta dago, izan ere, Del Riok azaldu duenez, artisauentzat sorkuntzarako eta ekintzailetzarako lantegi-espazio kolaboratibo bat gaitzeko eskatzen dute. "Bertoko artisauek tokiko nortasunaren funtsa irudikatzen dute, teknika tradizionalak eta ideia berritzaileak uztartzen dituzte, ohiko merkataritza bultzatuz eta ehun komunitarioa sendotuz", azaldu du. Hala ere, bere esanetan, "artisauentzat, haiek adierazi diguten moduan, negozioak martxan jartzea eta egonkortzea oztopoz betetako bide zail eta garestia da".

Horregatik, Del Riok defendatu duenez, "gure hirian sormena eta ekintzailetza bultzatzeko ahaleginean, funtsezkoa da proiektu berritzaile, propio eta lokalei bizia emateko espazioak sortzea. Espazio horiek elkargune bihurtu behar dira, ideiak loratzeko eta komunitatean eragin positiboa sortzen duten ekimen bihurtzeko".

"Laburbilduz, proposamen egingarriak dira aurkeztutakoak, euskaraz aurrera egiteko eta gure kultura sustatzeko beharrezkoak. Beraz, espero dugu akordioak lortzea horiek martxan jarri ahal izateko", esan du.