EH Bilduk proposatuta, Bilbok hurrengo urtean Beroaren Aurkako 2026-2035 eperako Plana egingo du. Bertan bero-boladei aurre egiteko jarduketak jasoko dira, jarduketa-eremu materialak zein pertsonalak, alegia. Plan hori EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko zuzenketa transakzionatu bat onartu ostean jarriko da martxan, alderdi soberanistak aurkeztutako mozio baten ondorioz.
Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziaren ustez, akordio honek Bilboren eta bilbotarren beharrizan bati erantzuten dio, "premiazkoa" baita neurriak hartzea klima aldaketaren aurrean eta, zehazki, tenperatura altuen aurrean. Izan ere, "Bilbo jada zaurgarria da beroaren eraginari dagokionez". Bilboko biztanlegoaren %24a 65 urtetik gorakoa dela gogorarazi ondoren, aurten 22 egunetan bero latza egin duela aipatu du, eta beste horrenbeste gau tropikal izan direla gaineratu du. Gainera, beroaren ondorioz gertatutako 82 heriotzetatik, 50 bero-boladen ondorioz izan dira” ohartarazi du.
Ildo horretan, gogorarazi du gure hirian 43,6 graduko tenperatura maximoak lortu direla jada, eta proiekzio klimatikoen arabera, 2050 urtearen bueltan ohikoak izango dira bero bolada luzeak, astebetez luzatuko direnak, 38 gradutik gorako tenperaturekin, 50 gradura ere helduz.
Gainera, gehiegizko beroak pertsonei ez ezik, ekonomiari, eraikinei, azpiegiturei eta ingurumenari ere eragiten diela adierazi du Renedok. "Beroa klase-kontua ere bada", nabarmendu du, eta azaldu du "egoera zaurgarrian dauden kolektiboek askoz ere modu nabarmenagoan jasaten dituztela beroaren ondorioak, beren osasunagatik edota egoera sozioekonomikoagatik". Horren ildotik, adierazi duenez, "Bilbon, 2023an, Gurutze Gorriak 2.445 pertsona artatu zituen pobrezia energetikoko egoeren ondorioz, 2022an baino bi aldiz gehiago, eta kopuruak gora doaz".
Egoeraz eta horren eraginez jabetuta eta arduratuta, EH Bildu udal taldeak beroari aurre egiteko plangintza bat egitea proposatu du. Plangintza horretan, Renedoren ustez, honako neurriak jaso beharko dira: barne zein kanpoko babesleku klimatikoen sarea zabaltzea; udal-langileei eta udaleko kontrateetako langileei zuzendutako bero-boladetan aktibatzeko protokolo bat; beroarekin kalteberagoak diren kolektiboekin lan egiten duten pertsonei zuzendutako jardunbide egokien gida bat; haurreskolak, eskolak eta gizarte-zerbitzuak klima-aldaketara egokitzeko plan bat; eta bero-irlak saihesteko irtenbide arkitektoniko jasangarrien proba pilotua.
"Gure hiria ez dago diseinatuta gaur egun ditugun tenperatura altuak jasateko, eta igotzen jarraituko dute. Garrantzitsua da aurrea hartzea eta gure hiria aurkezten zaizkigun erronka klimatikoetara egokitzea, bero-uharteen ondorioak saihesteko eta tenperatura handiko egunetan Bilbo hiri bizigarriagoa bihurtzeko. Hori lortzea espero dugu gaur Osoko Bilkuran onartu den berora egokitzeko plan integralarekin” amaitu du.