AKTUALITATEA


| 2025-10-22 10:10:00

EH Bildu udal taldeak Bilboko etxebizitzaren arazo larriari aurre egiteko helburuarekin neurri sorta bat aurkeztu du urriko osoko bilkuran. Prentsaurreko batean, Garazi Perea eta Angelica Orozco EH Bilduko zinegotziek horietako bi aurkeztu dituzte gaur, etxebizitza lortzeko zailtasun bereziak dituzten bi kolektibori zuzenduta: gazteei eta pertsona migranteei, hurrenez hurren.

Errotze-programa

Lehen proposamenaren helburua, Garazi Pereak azaldu duenez, gazteek etxebizitza bat eskuratu ahal izatea da eta, gainera, haien auzoetan egin ahal izatea. Hala, Udal Gobernuari eskatzen diote, barruti guztietan, berariaz, alokairuko etxebizitza publikoaren kopuru zehatz bat erroldatutako edo bertan jatorria duten gazteen emantzipaziora bideratu dezala, errotze-programa baten bidez. 

Pereak gogorarazi duenez, joan den astean Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako ikerketa baten arabera, emantzipatu ez diren 25 eta 29 urte arteko gazteen %81,5ak emantzipatu nahiko luke. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan emantzipatzeko bataz besteko adina 29,8koa da, ia 30, Europako bataz bestekoaren hiru urte eta erdi beranduago. 

Haren ustez, premiazkoa da emantzipazioa bermatzeko neurriak hartzea, eta, aldi berean, gazteek beren hirian eta inguruneetan jarrai dezaten laguntzea; izan ere, esan duenez, "norbere auzoan bizitza-proiektua garatzeak, auzoaren bizitza dinamizatzea dakar, eta, bizirik dagoen auzoa seguruagoa da, bere komunitatea zaintzen du eta belaunaldien arteko loturak indartzen ditu". 

Aurkeztutako proposamena, Pereak gogorarazi duenez, "ez da berria Bilbon"; izan ere, 'Errotze Programa' gutxienez bi ediziotan jarri zen martxan, lehena Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean, eta bigarrena San Frantziskora ere zabaldu zen, eta, haren memoriaren arabera, "programek aurreikuspen guztiak bete zituzten". "Beharrezkoa da ekimen horri berriro ekitea eta jarduera-ildo hori gure hiriko barruti guztietara zabaltzea", nabarmendu du Pereak. 

Diskriminazioa etxebizitza eskuratzean 

Bestalde, Angelica Orozcok azaldu duenez, bigarren proposamenaren bidez, etxebizitza eskuratzean pertsona migranteenganako diskriminazio-egoerak saihestu nahi dituzte. 2021ean, EH Bilduk antzeko proposamen bat egin zuen Osoko Bilkuran, baina ez zen aurrera atera. 

Lau urte beranduago "egoera hobetu beharrean txarrerantz egin" duela adierazi du, "gero eta pertsona edo familia gehiagok salatzen baitute diskriminatu egiten dituztela beren jatorriagatik, higiezinen operadore baten bidez alokairuko kontratu bat sinatzen saiatzerakoan". Kontuan izan behar da, gainera, ohartarazi duenez, "etxebizitza bat eskuratu ezin dutenez, pertsona migranteak ezin direla erroldatu eta, beraz, ezin dituztela bestelako eskubideak bereganatu, hala nola osasun-txartela edo hezkuntza, erabateko babesgabetasun-egoeran geldituz". 

Provivienda Elkarteak aurtengo martxoan aurkeztutako txosten baten arabera, 2024an higiezinen enpresen % 99k onartu zuten jabeek iradokitako diskriminazio-jardunbideak erabiltzea. Azterlan hori Madrilgo eta Bartzelonako higiezinen agentzietara egindako deien bidez egin bada ere, Orozco ziur agertu da Bilbon eginez gero datuak ez liratekeela oso desberdinak izango. 

Hori dela eta, EH Bilduk eskatu du azterketa bat egitea gure hiriko errealitatea ezagutzeko eta diskriminazio mota horren irismena kokatu eta kuantifikatu ahal izateko, baita sektorean zenbateraino dagoen normalizatuta ere, hura desagerrarazteko eragileekin eta erakundeekin batera lan egin ahal izateko. 

Era berean, udal etxebizitza-bulegoan zerbitzu bat martxan jartzea eskatzen dugu, herritarrei etxebizitzaren arloan eta bereziki higiezin eskubideen arloan, aholkularitza eskaintzeko. Baita, informazio-kanpaina bat abiaraztea ere maizterren eskubideei buruz, zehazki pertsona migratuei bideratuta. 

"Etxebizitza bat eskuratzeko orduan arrazakeria existitzen da eta arazoa larria da. Etxebizitza bilatzeko prozesuan, Administrazio publikoek neurriak hartu behar dituzte arrazakeria pairatzen duten kolektiboei babesa emateko eta praktika toleranteak bultzatzeko", azpimarratu du.