AKTUALITATEA


| 2025-09-25 16:54:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak hiribilduko kudeaketa komunitarioko espazioak indartuko ditu, horretarako dauden tresnak ezarriz eta, hala dagokionean, berrikusiz eta berrituz. EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko zuzenketa transakzionatu bat onartu ostean lortutako akordioa da, alderdi soberanistaren ekimen baten ondorioz. 

Maria del Rio EH Bilduko udal bozeramailearen esanetan, akordio horri esker, "herritarren parte-hartzea, kohesio soziala, gobernantza eta auzoen bultzada bermatzeko urratsak" emango dira. "Asko dira kudeaketa komunitarioko espazio publikoek eskaintzen dituzten onura potentzialak; izan ere, horien bidez gizarte-sarea indartzen da, eta tokiko beharrei erantzun eraginkorragoa eman ahal zaie. Gainera, testuinguru soziourbanistikoarekin lotura handia duten espazioak direnez, pertenentzia-sentimendua indartzen laguntzen dute", gaineratu du. 

Akordio honek egun dauden ekimenak identifikatzeko eta oraindik existitzen ez diren lekuetan proposamen berriak sustatzeko balio izatea espero du Del Riok. "Azken finean, erakundeen demokratizazio eskaerei oso lotuta dauden kudeaketa publiko-komunitarioko modu berrietan sakontzearen aldeko apustua da, bai eta gobernantza-eredu berriak kudeaketa publikoa modu parte-hartzaileagoetara bideratzearen aldekoa ere", azpimarratu du. 

"Beraz, Bilbo kohesionatuago bat lortzeko beste urrats bat da, hirian dugun gizarte- eta elkarte-sare handiari lekua emango diona", amaitu du.