AKTUALITATEA


| 2025-10-14 10:22:00

EH Bildu udal taldeak, etxebizitza Bilboko eta Bizkaiko herritarren kezka nagusia dela jakinda, urriko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den etxebizitza eskubidea bermatzeko proposamen sorta bat aurkeztu du. Gaur emandako prentsaurrekoan, Maria del Rio taldeko bozeramaileak eta Karlos Renedo zinegotziak horietako bi zehaztu dituzte. 

Lehenengo mozioaren bidez, promozio berrietan etxebizitza babestuen erdia alokairuan izatea eskatzen dute. Gainera, Bilbo etxebizitza gune tentsionatu den heinean, Udalak lagapen bidez dohainik eskuratzen duen lurzorua etxebizitza sozialak edo zuzkidurazkoak eraikitzeko erabili dadin proposatu dute. Bigarren mozioarekin, etxebizitza hutsei OHZren errekargua foru arauak baimentzen duen gehienekora igotzea proposatzen dute, eta horiek mobilizatzeko udal eskumeneko zerga arauen aldaketak aztertu eta ezartzea. 

María del Riok azaldu duenez, Bilboko Udalak egindako azken diagnostikoaren arabera, 2024ko lehen lauhilekoan, etxebizitza berriaren batez besteko salmenta-prezioa 489.400 €-koa zen, ia milioi erdi euro, eta erabilitako etxebizitzena, berriz, 250.000 €-koa. Alokairu libreko etxebizitzari dagokionez, higiezinen atarien datuen arabera, aurtengo irailean batez besteko eskaintza hilean 1.657 eurokoa zen. Bere ustez, datu horiek "agerian uzten dute erakundeek neurriak hartu behar dituztela". Hortik, EH Bilduk aurkeztutako ekimenak. 

Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2036 

Lehenengoari dagokionez, Renedok adierazi du EAEko 2022-2036 Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialak ezartzen duela alokairuaren eskaintza publikoa % 5ekoa izan behar dela 2036an. "Egun Bilbon erdia da, %2,5ekoa, alegia; horrela datorren hamarkadan kopuru hori bikoiztu beharko da", esan du. Azaldu duenez, hori lortzeko bide bakarrak dira, etxe hutsak erosiz edo etxebizitza berriak eraikiz  eta horretarako nahitaez lurzorua eduki behar da. 

Ildo horretan, adierazi duenez, promozio berrietan, Udalak babes motaren bat duten etxebizitzen gutxienekoak ezartzen dituen arren (tasatua edo babes ofiziala), ez du behartzen "alokairuko etxebizitza publikoen gutxieneko kopurua ezartzera", eta, beraz, "historikoki, gehienbat salmentarako etxebizitza berriak eraikitzeko joera izan dela". Hala ere, ohartarazi duenez, "Etxebizitzaren Itun Sozialak ezarritako helburuak bete nahi badira, modu bakarra lurzorua nahitaez alokairuko etxebizitza publikora bideratzea da", eta hori da, hain zuzen ere, EH Bilduk proposatzen duena. 

Era berean, Bilboko Udalbatzak 2024an Bilbo etxebizitza gune tentsionatu izendatzea onartu zuenez, Renedoren esanetan, “koherentziagatik, Udalak konpromisoa hartu beharko luke doako lagapenaren bidez eskuratutako udal-lurzoruak etxebizitza soziala eraikitzeko erabiltzeko, eta horien gutxieneko bat alokairuan jartzeko ere". Estatuko etxebizitza-eskubidearen Legeak bertan jasota dago.

Etxebizitza-aurrekontua bikoiztea

Bigarren mozioari dagokionez, EH Bilduk hiriko etxebizitza hutsak mobilizatzea proposatu du, erakundeen esku dauden tresnak erabiliz, besteak beste, fiskalitatea. Horregatik, OHZren gaineko zergaren errekargua foru arauak baimentzen duen gehienekora igotzeko eskatu du alderdi subiranistak, eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko udal eskumeneko zerga arauen aldaketak aztertu eta ezartzeko. 

Renedok gogorarazi du Bilbon etxebizitza hutsen OHZren errekargua % 25ekoa dela, eta Donostian, berriz, % 150ekoa. 2024an, 9.231 etxebizitzari aplikatu zitzaien OHZren errekargua Bilbon; aurten, berriz, 10.669 etxebizitzari aplikatuko zaie, Ogasun Sailaren arabera. EH Bilduren proposamena gauzatuz gero, Renedok nabarmendu du, alde batetik, etxebizitza hutsen kopurua handitzeari muga jarriko litzaiokela, eta, gainera, % 5 gehiago bilduko litzatekeela OHZren bidez, hau da, hiru milioi euro inguru gehiago. "Jakina, igoera hori 'finalista' izatea eskatzen dugu, hau da, helburua udal-etxebizitza politiketan inbertitzea izan behar da, eta horrek, praktikan, Etxebizitzaren egungo aurrekontua bikoiztea ekarriko luke", azpimarratu du. 

"EH Bilduk Etxebizitzaren Euskal Sistema Publikoa sortzearen aldeko apustua egin du, Osasunean edo Hezkuntzan ezagutu dugunaren antzekoa. Horretarako, besteak beste, ezinbestekoa da etxebizitza babestuaren eskaintza zabala, askotarikoa eta tipologia desberdinetakoa izatea, behar duten pertsonen etxebizitza eskubidea bermatzeko", adierazi dute Renedo eta Del Riok.