Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, Udal Gobernuak uko egin dio Azkuna Zentroko Lantegi espazioen pribatizazioan atzera egiteari La Caixa erakunde pribatuari lagatuz, nahiz eta "gizartearen gehiengo bat eta eragile sozial eta kulturalak operazio horren aurka agertu diren".
Del Riok Udalbatzan egin ditu adierazpen horiek, Udal Gobernuak EH Bilduren mozioari ezetza eman ondoren. Mozio horren bidez, Azkuna Zentroaren pribatizazio prozesua geldiarazteko eskatzen zion EH Bilduk EAJri; sektore kultural eta artistikoaren eskutik, Bilborentzat eta bizilagunentzat kultur politika koherenteak eta puntakoak adosteko helburuarekin.
EH Bilduko bozeramailea kezkatuta agertu da Azkuna Zentroaren etorkizunarekin. "Kezkatzen gaitu, alde batetik, 1.500 metro koadroko espazio publiko baten pribatizazioak, banku-fundazio baten esku geratzen baita guztion diruarekin, eta, bestetik, espazio horretan martxan eta finkatuta dauden proiektu kulturalen inguruko ziurgabetasunak ere", adierazi du.
Juan Mari Aburto alkateak La Caixa bezalako bazkide estrategikoen laguntza izango duen etapa berri batean lanean ari direla esan zuela gogorarazi du Del Riok. "Alkatearen adierazpen horiek zer esan nahi dute? ezusteko berriak egongo direla?, galdetu du EH Bilduren bozeramaileak. Bide batez, Azkuna Zentroaren pribatizazioa "guztiok ordaintzen dugula" aipatu du, "eragiketa hau hilean 13.800 euro kostatzen baitzaigu bizkaitarroi".
Bere ustez, "ez da onargarria Udal Gobernuak hiriko kultur politiketan inprobisazio kezkagarria erakusten jarraitzea", horrek, esan duenez, "artistek prekarietate eta ziurgabetasun egoeran bizitzera behartzen baitu". Horrenbestez, "zalantza horiek eta beste asko argitzeko" eskatu du.
Maria del Riok adierazi du "publikoa eta nabarmena" dela Bilboko gizartearen sektore zabaletan dagoen "ezinegona", batez ere artearen eta kulturaren esparruan, eta pribatuan eta publikoki adierazi dela: prentsan idatzitako artikuluak, sinadura-bilketa, profesionalen jarrera...
"Burugogorkeria"
"Artistek, kultur kudeatzaileek, langileek, gizarteko eta kulturako hainbat eragilek eta oposizioko taldeek uste badute erabaki txarra dela Bilborentzat; EAJk aurrera jarraituko du pribatizazioarekin?", galdetu du Del Riok. "Burugogorkeriak gure politika publikoak eta kulturalak ez gidatzea espero duela" gaineratu du.
EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, Azkuna Zentroak bere burua Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentro gisa definitzen duen arren, "kultura garaikidea gero eta zokoratuago dago". Ildo horretan, "zalantzak" agertu ditu "Azkuna zentroa gazteria eta kirol sailaren mende egotera igaroko den, Kultura eta Gobernantza sailaren mende egon beharrean".
"Azkuna Zentroa kudeatzeko modu hori bateraezina da kultur politika egonkorrak, koherenteak eta puntakoak garatzearekin", adierazi du. Edonola ere, haren ustez, "garaiz gabiltza aldatzeko eta horretarako EH Bildu prest dagoela", gaineratu du.