AKTUALITATEA


| 2023-01-26 13:46:00

EH Bilduk eskatuta, Udal Gobernuak egun dauden koordinazio-prozedurak eta -protokoloak egokituko ditu, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. Akordioan ezarritakoetara. Akordio horren bidez bereziki Justiziaren, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren eta Berdintasun eta Gizarte Ekintza Arloen arteko koordinazioa eta informazio-eskualdatzea hobetuko da. Gobernu taldeak eta EH Bilduk adostutako zuzenketa da, alderdi soberanistak aurkeztutako mozio baten ondorioz.

Jone Goirizelaia EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, Bilboko Udalaren kasuan, Bilboko ertzain-etxearen eta Udalaren artean indarkeria matxista kasuetarako lankidetza-protokolo bat dago, 2010ekoa, eta, beraz, lortutako akordioaren ondorioz, eguneratu egingo da, eta lankidetza hori justiziaren esparruetara ere zabalduko da, besteak beste.

Esan duenez, akordio garrantzitsu bat da, Bilbon indarkeria matxista jasaten duten emakume gehiagorengana iristea ahalbidetuko diguna, Berdintasun Arlotik arreta integrala, espezializatua eta koordinatua eskaintzeko, hain zaila den prozesu honetan behar duten guztian laguntzeko.

“Akordio horri esker, koordinazioaren eta lankidetzaren bidez, erakundeek erantzun hobea emango diete horrelako egoerak bizitzen ari diren emakumei, eta indarkeria matxistari aurre egingo diote guztien artean”, esan du.

Era berean, onartutako zuzenketaren bidez, Udalak indarkeria matxistaren prebentzio komunitarioko egungo programa indartuko du, eta lehentasuna emango die Bilboko emakume migratzaileen elkarteei.

Goirizelaiak adierazi duenez, Aldundiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren datuen arabera, 2021ean, Bizkaian, ia 3.000 indarkeria-ekintza matxista salatu ziren, eta horietatik 788 Bilbon gertatu ziren. Datu horiek salatzen diren kasuei dagozkie, eta, beraz, errealitatea askoz larriagoa da, eraso asko isilarazi egiten baitira.

EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi du “indarkeria matxista lehen mailako arazoa” dela, eta, beraz, “erakunde guztiek ahaleginak egin behar dituztela emakumeen babeserako sarea etengabe hobetzeko eta kasu horiei erantzun eraginkorra emateko”. Horretarako, “funtsezkoa da erakundeen arteko lankidetza, eta, hain zuzen ere, horixe lortu nahi da gaur adostutako akordioarekin”.