EH Bilduko udal taldeak mozio bat aurkeztu du Bilbon Irisgarritasun Bulego bat sortzea proposatuz, Irisgarritasun Unibertsalaren 2026-2036 Plan Estrategikoa diseinatu eta bultzatzeko. Maria del Rio eta Xabier Fernandez EH Bildu udal taldeko bozeramaileak eta zinegotziak, hurrenez hurren, proposamen horren berri eman dute gaur eskainitako prentsaurrekoan.
Maria del Riok adierazi duenez, EH Bilduren helburuetako bat udalerriek eta hiriek auzokideak zaintzea da eta, horretarako, hainbat esparrutan lan egitea beharrezkoa da, besteak beste, irisgarritasuna. "Izan ere, zaintza hiri batek, bere espazio eta ekipamenduen ezaugarrien bidez, zaintza praktikei eta pertsona guztien autonomiari euskarria ematen die, bizitzako etapa desberdinetan bizitza osoak eta osasuntsuak bermatzeko", azaldu du.
Hala ere, bere esanetan, Bilbon "hutsune" bat dugu gai horretan, "irisgarritasuna modu planifikatu eta transbertsalean jorratu behar baita, ez unean uneko ekintzekin, tonbola bateko sariak balira bezala, non auzo bakoitzaren irisgarritasunerako jarduketak gobernu-taldearen borondatearen mende dauden".
Horregatik, azaroko osoko bilkuran EH Bilduk mozio bat aurkeztu du, Bilboko Udalean Irisgarritasun Bulego bat sortzea eskatzeko. Horrek zeharkako ikuspegi jasangarri batetik hiribilduko irisgarritasunaren diagnostikoa eta jarraipena egingo ditu.
Era berean, bulego hori udal-antolamenduaren erreferentzia izango da, irisgarritasun kognitiboa, sentsoriala eta fisikoa pertsona guztientzat eraginkortasunez sustatzeko ekintzak bultzatuko ditu; eta gobernu-arlo desberdinetatik irisgarritasuna sustatzearen arloan egiten diren politikak eta ekintzak koordinatu eta koherentziaz hornituko ditu.
Ondorioz, Bilbo 2026-2036 Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Estrategikoa egin beharko da. Fernandezek gogorarazi duenez, 1997an Eusko Legebiltzarrak Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea onartu zuen eta, horren arabera, udalerri bakoitzak Irisgarritasun Plangintza egin behar du.
Irisgarritasun Unibertsalerako Euskal Estrategia
Azaldu duenez, arrazoiak "argiak" dira, eta horrela daude jasota Irisgarritasun Unibertsalerako Euskal Estrategian. Ildo horretan, adierazi du "irisgarritasuna zeharkako gai integrala" dela, "arrapalak, zintarriak edo igogailuak egitetik haratago doana: komunikazioaz, digitalizazioaz, hezkuntzaz, gizarte-zerbitzuez ere...ari baikara, baita inguruneez, prozesuez, ondasunez, produktuez eta zerbitzuez ere".
Era beren, irisgarritasunak unibertsala izan behar duela nabarmendu du, "pertsona guztientzat, haurrengan eta adinekoengan arreta berezia jarriz". Gaineratu duenez, "modu eraginkorrean aplikatzeko, sailen arteko lankidetza sustatuko duen gobernantza behar du; ezin da soilik obra eta zerbitzuen kontua izan". “Planak beharrezkoak dira, halaber, hamarkada baterako aurrekontu-partidak jasotzeko eta, batez ere, horien ebaluazioa egin ahal izateko", esan du.
"Pentsaezina da obra bat proiekturik gabe egitea. Bada, irisgarritasun unibertsala bermatzeko plangintza bat izatea ere beharrezkoa da. Ezin da ikuspegi partzialarekin eta epe laburrekoarekin jarduten jarraitu", azpimarratu du Fernandez.
Beraz, EH Bilduk eskua luzatu dio udal gobernuari, bai Osoko Bilkurari aurkeztutako mozioarekin bai aurrekontuen eztabaidan, "Bilbok irisgarritasun unibertsaleko plan bat izan dezan behingoz, Bilboko auzoetako bizilagunek eskatzen diguten bezala".