AKTUALITATEA


| 2021-06-18 12:31:00

Bilboko Udalean Osoko Bilkura datorren ostegunean, ekainaren 24an, izango dugu eta  gaurko prentsaurrekoan, EH Bildu Udal Taldeak aurkeztutako mozioen berri ematera gatoz gaur.

Lau mozio aurkeztu ditugu: uda honetan auzoetan eta Etxebarria parkean barraka eremuak jartzeko aukera; memoria historikoari lotuta, abioien bonbardaketatik babesteko tunel baten berreskurapena; LGTBI kolektiboaren eskubideei lotuta, udal behatoki bat abian jartzea; eta azkenik, eskola inguruetan mugikortasuna eta segurtasuna bermatzeko laguntzaileen ‘Bidelagunak’ proiektu pilotua.

Barrakak

Lehenik eta behin, feriante edo barraka sektorearen egoera larria ekarri nahi dugu gogora; izan ere, pandemiaren ondorioz, 2019ko udako kanpainaz geroztik etenda egon da jarduera; eta Bilbon, 2020ko inauteriez geroztik.

Oso egoera larrian daude barraken arloan lan egiten duten familiak, horrela adierazi digute, eta atentzioa merezi dute beraiek ere; eskatzen digutena lan egin ahal izatea da.

Gaur kontuan hartu behar dugu, LABIan erabakiko diren neurri berrien harira, Uda bestelakoa izango dela, eta hainbat kultur, kirol eta aisi jarduera modu errazagoan egin ahal izango ditugula. Babes neurri berrietan oinarrituta, eta arauak ondo betez gero, uste dugu feria atrakzioak jarri eta erabili ahal izango direla.

Dagoeneko, Euskal Herriko herri eta hiri batzuetan hasi dira egiten. Donostia eta Gasteizeko auzoetan posible izango dute barrakak muntatzea, batez ere umeei bideratutakoak. Eta atzo bertan prentsatik jakin genuen Donostiako Udalak abuztuan zehar feria eremu bat jarri behar duela.

Imaginatu behar dugu, ez dela aurreko urteetako modu berean izango: postu gutxiago, umeentzako instalazioak batez ere, aforo erdian, sarrerak eta irteerak ezarriz, garbiketa edo desinfekzioa eginez… baina seguruak izango direla ez dugu dudarik. Hori baita ferianteen lehen asmoa. 

Horregatik guztiagatik, uste dugu Bilboko Udalak erraztu dezakeela aurtengo udan auzoetan barraka apur batzuk jartzea. Eta abuztuko azken hamabostaldian ere Etxebarriako Parkean barraka gune txiki bat prestatu daiteke.

Denbora dago. Denbora dago ferianteen ordezkariekin moduak negoziatzeko, eta denbora dago ordaindu ohi dituzten udal tasen inguruan negoziatzeko, aurten behintzat, beste sektore ekonomiko batzuekin ere egin dugun bezala

Gerra Zibilean Bilbon bonbaketez babesteko gordelekuak

Lehenik eta behin gogoratu nahi dugu bihar beteko direla 84 urte Faxistak Bilbora sartu zirenetik, ekainaren 19an. Horregatik bihar Artxandako omenaldian parte hartuko du Euskal Herria Bilduk.

Faxistak sartu ziren Otxandio, Durango Gernika bonbardatu ostean. Faxistak sartu ziren Bilboko herritarren kontra hainbat egunez bonbak jaurti ostean.

Gaur egun oraindik hainbat Bilbotarren memorian dago, garai hartan bizi izan zutena. Umeak ziren orduan, eta barkuz edo oinez Bilbotik alde egin behar izan zuten. Bonbetatik babestu ziren, trenbideen tuneletan, etxe sotanoetan, edo mehategietan.

Bilbo aitzindarietako bat izan zen abioien kontrako babeslekuak prestatzen, zibilen kontrako gerra modu berria sufritzen lehenengotarikoak izan baikinen euskaldunak Europa mailan.

Ba hain zuzen, memoriaren beste pieza bat hirian jostea da gure asmoa, dakargun iniziatibarekin. Solokoetxe auzoan, Zabalbide kalean, bonben kontrako pasabideen ateak ageri dira, hormaz estalita. Ba, gure proposamena da ate horiei protagonismoa ematea, horma-irudi batekin, argiaren bitartez eta oharren bat idatziz.

Babesleku hauen berri hainbat bizilagunek eman digute. Bakoitza era batera gogoratzen da babeslekuez. Pentsa ze, hirurogeigarren hamarkadan, auzoko umeak jolastera sartzen ziren tunel horietara.

Azkenik esan dezagun, Udal gobernuak begi onez ikusi duela proposamena eta akordiora ailegatuko garela gai honetan.

‘Bidelagunak’

Hirugarren mozioak ikasturte osoan ikastetxeetako sarreretan izan diren trafikoaren eta oinezkoen arteko arazoak konpontzen laguntzea du helburu; izan ere, guraso-elkarteetako hainbat guraso arduratu dira trafikoa mozteaz sarrerako eta irteerako orduetan. Horregatik, datorren ikasturtearen hasierari begira, mugikortasun laguntzaileen ‘Bidelagunak’ izeneko programa pilotua abiaraztea eskatzen dugu, Eskola Bideak programaren barruan.

Programa horren bidez, Bilboko Udalak hartuko luke bere gain ikastetxeetarako sarbideak arautzeko lana eta, horretarako, mugikortasun-laguntzaileak edo 'bidelagunak' sortzea proposatzen dugu. Trafikoa antolatu, seinaleztatu eta zuzentzeko eginkizuna izango luke bidelagunak. 

LGTBIfobiaren aurkako Behatokia

Azkenik, eta ekainaren 28ko LGTBI kolektiboaren “harrotasun eguna” kontuan hartuta. LGTBI kolektiboaren eskubideekin lotura zuzena duen mozioa aurkeztu dugu.

Horrela, Bilbon LTGTBI fobiaren aurkako Behatoki bat martxan jartzea eskatzen dugu, LGTBI pertsonen eskubideen alde eta diskriminazioaren kontra herritarrak sentsibilizatzeko, erasoak detektatzeko, ikertzeko eta prebentzioan lan egiteko.

Behatokien funtzioak askotarikoak dira. Hala, haren funtzio nagusia da LGTBIfobiaren egoerari buruzko datuak biltzea Bilboko eremuan, eta arreta berezia jartzea istilu, diskurtso eta gorroto-delituetan.

Horrez gain, erasorik gertatuz gero, Behatokiko ordezkariek biktimari lagun diezaiokete, hala eskatuz gero, bai ospitalera lesioen parte bat egiteko, bai epaitegira edo komisariara salaketa jartzeko.

Duela gutxi, ekainaren 6an, Ekain Perrino gaztearen aurkako eraso bortitza gertatu zen Basaurin. Besteak beste, hau bezalako gertaerek agerian uzten dute neurriak ezarri behar direla diskriminaziorik eta indarkeriarik gabeko hiri baterantz aurrera egiteko, berdintasun erreala eta aurreiritzirik gabea lortzeko.