Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak adierazi du alderdi subiranista prest dagoela 2026ko aurrekontu proiektua gobernu taldearekin negoziatzeko. "EH Bilduk argi eta garbi esan du: negoziatzeko prest gaude", azpimarratu du.
"Aurrekontuak tresna estrategikoa izan behar dira hiri gisa ditugun erronka kolektiboei erantzuteko", adierazi du Del Riok, "eta, arlo horretan, hobetzeko tartea ikusten dugu, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez". "Etxebizitza, zaintza, trantsizio ekologikoa, euskara eta kultura bezalako arloetan jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa ematea espero dugu; eta zeharkakoa izatea, noski".
Bere esanetan, "publikoki jakinarazi dugu elkarrizketa behar hori, eta hala jakinarazi diegu gobernu taldeko hainbat kideri, egoki ikusi dugun espazioetan”.
Bere ustez, "akordioak lortzeko tartea dago, eredu desberdinetatik abiatuta, bai, baina hiritarrek onurak jasoko dituzten elkarguneak bilatuz; eta horiek dira, zalantzarik gabe, hiri gisa ditugun erronkak, gero eta lehentasunezkoak". "Hilero ohiko osoko bilkuretan ikusten dugu gai garela hainbat arlotan akordioak lortzeko. Beraz, zergatik ez egin Bilboko aurrekontua bezalako gai garrantzitsu batean? ", galdetu du.
Del Riok esan du "itxaropenarekin, ilusioarekin eta akordioak lortzeko gogoarekin" aurkezten direla prozesu honetara. "Udal honetako bigarren indarra gara, eta gero eta bilbotar gehiagok gugan konfiantza dute", esan du. Horrela, udal gobernuari, EAJri eta PSEri eskua luzatu die, "esparru estrategikoetan akordio zabalak lortzeko". "Beste erakunde batzuetan ere egin dugu, eta ziur gaude honetan ere saiatzea merezi duela", gaineratu du.