AKTUALITATEA


| 2024-05-28 08:15:00

EH Bildu udal taldeak mozio bat aurkeztu du udal gobernuari eskatzeko Irala auzoko Somosierra Gaineko plazako atariak urbanizatzeko eta irisgarritasun unibertsaleko proiektuari urgentziaz heltzeko. Izan ere, Patxi Xabier Fernandez EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, plazan dauden hamar atarietako bizilagunek, eskilara zein aldapen ondorioz, irisgarritasun arazo larriak dituzte eta ezinezkoa edo oso zaila da horietara heltzea, adibidez gurpil-aulki batekin edo umeen aulki batekin, baita ere mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat. 

Fernandezek azaldu duenez, aspaldian ezagunak dira Iralan irisgarritasun arazoak. Horrela, gogorarazi duenez, balizko lanak egiteko Udalak eskatu zuen ezinbestekoa zela jabetza Udalari berari lagatzea. Ildo horretan, esan duenez, “2019rako bizilagun guztiek jabetza lagatu zuten arren, bost urte pasa dira dagoeneko eta bizilagunek ez dute aurrerapausorik ikusi”. 

Hori dela eta, EH Bilduko zinegotziaren ustez, “ezinbestekoa” da gaiari “ahalik eta arinen heltzea”, bizilagunek “bizi baldintza duinak merezi dituztelako eta, horretarako, euren etxeetara erraztasunez heltzeko irisgarritasuna bermatu behar da nahitaez”. “Zor historiko bat baino beharra dago eta espero dugu akordio bat lortzea Iralako auzokideei irtenbidea eskaintzeko”, azpimarratu du.