AKTUALITATEA


| 2020-02-21 13:38:00

Ostegunean, otsailaren 27an, Bilboko Udalean Osoko Bilkura izango dugu eta horrela, gaurko prentsaurrekoan, EH Bildu Bilbo taldeak aurkeztutako zazpi mozioen berri ematera gatoz. Gure gaiak honako hauek dira: Santutxuko auzoan hezkuntza publikoa, Bilbobuseko geltokien irisgarritasuna, AP-68ko erabiltzaile bizkaitarrei hobariak ezartzea, feminizidio eta eraso matxistak gertatzen direnean larrialdizko batzordeak eratzea, udal politikaren erdigunean benetako berdintasuna martxan jartzeko neurriak, Bilboko Portua armen trafikorako ez erabiltzea eta Loiuko aireportuko langileek Eurokopan gauez ez irekitzeko hartu duten erabakia errespetatzea.

Mozio horiek guztiak egun Bilbon eta Euskal Herrian dauden hainbat aldarrikapen,  beharrizan eta kezkei erantzuna emateko helburuarekin aurkeztu ditugu eta horregatik espero dugu adostasunetara heltzea.

Larreagaburu

Mozioetako batean Mina del Morro hezkuntza zentroa era progresiboan ixteko hartutako erabakia jorratzen dugu; izan ere, gai horrek egoneza sortu du Santutxuko hezkuntza komunitatean eta bizilagunen artean baita ere. Horregatik, Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzari honakoa eskatzea proposatzen dugu: Bilboko 4. Barrutiko eskola publikoak berrantolatzeko xedatu duen dekretua, behintzat ikasturte batez, geldiaraz dezala eta ikerketa eta elkarrizketa prozesu bat martxan jarri dezala, heziketari lotutako agente guztien parte hartzea bermatuz, etorkizunerako 4. Barruti guztirako hezkuntza publikoaren markoa adosteko.

Boluetako Santa Anako etxalde berriaren proiektua berraztertu dezala ere proposatzen dugu eta bertan aurreikusten diren 1.000 etxebizitzek zelan eragingo dioten etorkizuneko eskola errealitateari eta osasungintzari ere bai, sortuko diren premia ekipamentalak kontuan hartuta eta inolako udal plangintzan ez direla aurreikusten kontuan hartuta.

Bestalde, bermatzeko dago Bilbobuseko geltokien irisgarritasuna; izan ere, oraindik geraleku batzuetan seinale, kontenedore, lorontzi eta beste hainbat elementu daude eta beste batzuetan ez daude jesarlekurik edo espaloiaren altuera ere ez da egokia. Horrek, zuzenean, mugikortasun urria duten eta gurpildun aulkiak erabiltzen dutenei eragozpenak eta irisgarritasun arazo larriak sortzen dizkie; horregatik, udal gobernuari Bilbobuseko geltokietan dauden irisgarritasun arazoak konpontzeko eskatzen diogu.

Beste mozio batean Bilboko Udalak Bizkaiko Aldundiari AP-68a erabiltzen duten bizkaitarrentzat hobariak ezartzea eskatzeko proposatzen dugu; izan ere, hori foru errepidea da 2019ko abendutik. AP-68ko Bizkaiko zatia 50.000 ibilgailutik gora erabiltzen dute eta horrek Bilborekin lotura zuzena du. Erabiltzaile horiek ez dute hobaririk eta hori diskriminazio argia da, gure ustez, diskriminazio horrekin bukatzeko garaia da.

Emakumeak

Gure proposamenen erdigunean emakumeak jarri nahi izan ditugu. Ildo horretan, Elkarrekin Podemosekin batera Bilbon krisi batzorde bat sortzea eskatzen dugu, eraso matxista edo feminizidio bat gertatzen denean erantzuna emateko. Krisi Batzorde’ hori Bilbon eraso matxista edo feminizidio bat gertatzen den bakoitzean urgentziaz batzartuko litzateke eta horren zereginak izango lirateke, besteak beste, egoera baloratzeko eta erantzuna emateko biktimaren edota bere zuzeneko familiarren ardura hartzea, biktima edota bere zuzeneko senitartekoen beharrizanei egokitutako lanen banaketa eginez.

Horrez gain, beste mozio bat aurkeztu dugu berdintasun eraginkorra udal politiken erdigune izateko neurriak proposatuz. Horrela, besteak beste, genero ikuspegi batetik udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea eta errealitate hori hobetzeko neurriak martxan jartzea proposatzen dugu eta kolektibo feministek jarduera guztietan, diseinutik ebaluazioraino, parte hartzea, euren iritzia kontuan hartuz. Bilboko Udalak martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, antolatuko diren ekimen guztiak egitea ahalbideratzea eta erraztea eskatzen dugu ere bai.  

Armen trafikoa eta aireportua

Bestalde, joan den otsailaren 9an Bilboko Portuan Saudi Arabiako Bahrí Yanbu itsasontzia porturatu zen, Yemengo gerrara bideratutako material militarra garraiatzeagatik ‘Heriotzaren zamaontzia’ ezizenez ezaguna dena. AIk salatu duenez, Yemengo gerra 2015ean hasi zenetik, zamaontzi horrek 330 miloi euroren balioa duen material militarra garraiatu du eta Nazio Batuen Erakundearen kalkuluen arabera Yemenen 200.000  pertsonatik gora erail dituzte.

Horregatik guztiagatik, gertaera horien konplize ezin gaitezkela bihurtu uste dugu eta horretarako beharrezkoa da Bilboko Portuak armak garraiatzen dituzten itsasontzien porturatzea debekatzea. Gainera, Bilboko Udala, Portuko Agintaritzako administrazio kontseiluko kide den heinean, Bilboko Portuak ‘Heriotzaren zamaontziak’ hartzearen kontra argi eta garbi azaldu behar da eta hori da mozioan proposatzen duguna.

Azkenik, gure zazpigarren mozioan Eurokopa eta Bilboko aireportuaren jarduerari buruzkoa da. Ildo horretan, Bilboko Udalak Txorierriko bizilagunek duten atsedenerako eskubidea defendatzeko eskatzen dugu, eta eskubide hori Loiuko aireportua gauez erabiltzearekin bateraezina dela.

Hortaz, honakoa proposatzen dugu: Bilboko Udalak AENAko zuzendaritzari eskatzea langileen erabakia errespeta dezala, izan ere, langileek bozketa bidez erabaki dute Eurokopa 2020ko partiduak direla eta gauez lanik ez egitea eta horrela adierazi du komiteak. Era berean, Bilboko Udalari eskatzen diogu UEFAri helarazteko Foronda eta Loiko aireportuen konbinazioek zerbitzuaren edozein beharrizan asetzen dituztela.