EH Bilduren ekimenez, Iralako Tomas Camacho eta Iturrigorri-Peñaskaleko Jose Orbegozo Gorostidi ikastetxeen eraikinak erabilera publikoko ekipamendu gisa mantenduko dira, entzute aktiboaren bidez eta parte hartzerako dauden kanalak erabiliz, hiriaren eta bizilagunen beharrizanetara egokitutako zerbitzu publikoko espazioak izaten jarrai dezaten. Gobernu taldearen eta EH Bilduren artean adostutako zuzenketa bat onartu ostean lortutako akordioa da, alderdi subiranistak egindako proposamen baten ondorioz.
Patxi Xabier Fernandezek EH Bildu udal taldeko zinegotziak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Iralako Tomas Camacho eta Iturrigorri-Peñasacaleko Jose Orbegozo Gorostidi ikastetxeak ixtea erabaki du "aldebakarrez, goitik behera inposatutako prozesu baten ondorioz eta gardentasunik gabe, ez hezkuntza komunitatearekin ezta auzoarekin ere".
Itxiera horiek, azaldu duenez, "eragin handia izango dute bai hezkuntza komunitateetan, bai auzoetan ere, izan ere, eskolak auzoak dinamizatzeko trakzio-elementuak dira, jendea biltzen den espazio naturalak, gure auzoen pultsua". "Eskola bat desagertzen denean auzoetako historiaren eta izaeraren parte bat desagertzen da", gaineratu du.
Ildo horretan, Fernandezek adierazi duenez, "eskola bat desagertzea tamalgarria bada auzo batentzat, are gehiago, bere etorkizuna zein izango den ez jakitea".
Horrela, "espazio hauek auzoentzat duten garrantzia kontuan hartuta", EH Bilduk Iralan zein Peñaskalen itxiko dituzten bi eskolen eraikinen "erabilera publikoa bermatzea" eskatu duela gogorarazi du. Eta hori, bizilagunen eskutik egitea.
Horrela, Fernandez pozik agertu da lortutako akordioagatik, eraikin horien erabilera publikoa bermatuko duelako. "Espero dugu Irala eta Peñascaleko auzotarren beharrei erantzutea eta eraikin hauek auzoaren bihotza izaten jarraitzea".