Bilboko Udalbatza “Moyua Plazaren” ordez, “Plaza Eliptikoa” izena berreskuratzearen alde agertu da gaur. Eztabaida hau EH Bilduk aurkeztutako ekimen baten ondorioz eman da, talde politiko ezberdinek horren inguruan duten jarrera azaltzeko aukera izan zezaten, baita pertsona, elkarte eta eragile memorialistek izenaren aldaketaren alde egindako lana aitortzeko ere.
Maria del Rio EH Bildu udal taldearen bozeramailearen esanetan, izen aldaketa "ez da kapritxo baten ondorioa". Adierazi duenez, Federico Moyua Bilboko alkate izan zen Primo de Riveraren diktaduran, eta tropa frankistak 1937an Bilbon sartu eta gutxira, plazari bere izena ematea erabaki zuten. Izan ere, "une horretan kale izendegia aldatzeko kanpaina bat hasi zen", gaineratu du.
Hortaz, Del Riok azpimarratu duenez, "aldaketa Memoria Historikoaren legearen eskakizuna betetzera dator; baina, bereziki, hiritar eta elkarteek urte luzez egindako eskaeren emaitza da". "Aspaldi utzi zion Plaza Biribilak Espainia Plaza izateari, eta jada ahaztuta dugu Agirre Lehendakaria etorbidea Ejerzitoaren Etorbidea izan zela. 80ko hamarkadaren hasieran ezabatu baitzen Bilboko kale-izendegiko izen frankisten gehiengoa", gogorarazi du. Hortaz, bere ustez, "bada garaia" plaza honen izena aldatzeko.
EH Bildu udal taldearen bozeramailearen esanetan, kale-izendegia "ez da bigarren mailako kontu bat, bere garrantzia funtsezkoa da, espazio publikoa modu sinbolikoan markatzen duelako eta memoria jakin bat finkatzeko balio duelako ere bai". "Kontua ez da historia ezabatzea, baizik eta kale batek pertsona baten izena izateak dakarren aitorpena eta ohorea ezabatzea", zehaztu du.
Kaleen izena aldatzearen azken erabakia alkatearena dela jakin arren, espazio publikoaren erabilera berrikustea etengabeko ariketa kolektiboa izan behar duela azpimarratu du Del Riok eta, memoriaren kudeaketan ere, gobernantza kooperatiboa "funtsezkoa" dela gaineratu du. Hortaz, bere ustez, "horrelako erabaki baten komunikazioa alkateak egunkari baten egindako elkarrizketa bai baino askoz harago joan behar da". Garrantzitsua da, beraz, udalbatza osatzen dugunok gure iritzia emateko aukera izan dezagun.
Horregatik guztiagatik, Maria del Rio pozik agertu da gaur Osoko Bilkuran korporazioa osatzen duten taldeek "beren iritzia emateko aukera izan dutelako; plazaren izena aldatzeko lan egin duten pertsona eta elkarte horiei guztiei aitortza publikoa egiteko aukera izan dutelako; eta, azken finean, gobernantza kooperatibotik abiatuta oroimen ariketa kolektibo bat egiteko aukera izan dutelako", azpimarratu du.