Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotzi Patxi Xabier Fernandezek gaur adierazi duenez, Udal Gobernuak onartutako Terrazen Ordenantza Proiektuak "ez dio Bilboko errealitateari erantzuten, ez baititu hiriko auzoen errealitate ezberdinak kontuan hartzen". Horren ondorioz, ohartarazi duenez, "arazoak sor daitezke une honetan arazorik ez duten auzoetan. Aldiz, arazoak dauden tokietan ordenantzak konponbiderik ez ematea gerta daiteke".
Fernandezek Udal Osoko Bilkuran egin ditu adierazpenok, bertan, "urtebete baino gehiagoko atzerapenarekin", Udal Gobernuak Terrazen Ordenantza onartu baitu. Bere ustez, ordenantza hori egungo idazketarekin aplikatzea, "ez da eraginkorra izango", auzoetan ematen den espazio publikoaren erabilera desberdinagatik eta morfologiagatik. "Ez da zerutik eroritako hausnarketa, gure ekarpenak inplikatutako eragile guztiekin bildu ostean egin baititugu", adierazi du.
Ildo horretan, EH Bilduk, bere zuzenketen bidez, hiri osorako ordenantza orokor bat eta eremu saturatuetarako neurri berezi batzuk ezartzeko eskaera egiten zuela gogorarazi du. "Arazoa oso lotuta dago espazio publikoaren erabilera intentsiboarekin, ostalaritza-establezimenduen kontzentrazioagatik, alegia. Horregatik, konponbidea ez da hainbeste altzarien eta distantzien erregulaziotik etorriko, baizik eta okupazioaren eta pertsonen gozamenerako espazioaren erabileraren arteko orekatik", azaldu du.
Hala eta guztiz ere, Fernandezek adierazi du Udal Gobernuak baztertu egin duela EH Bilduk kontzentrazio eremu horietan okupatu beharreko gehieneko azalerak ezartzeko egindako eskaera, "tunel efektua saihesteko, oinezkoen gehieneko azalera okupagarria ezartzeko, edukiera eta lokalaren zerbitzuen arteko oreka bermatzeko, eta altzarien pilaketa arautzeko, besteak beste". "Halaber, ez du onartu Ikuskaritza Plana egitea, ordenantza betetzen dela eta hobetzen dela ziurtatzeko funtsezkotzat jotzen genuena, alegia", gaineratu du.
EH Bilduk egindako zuzenketa batzuk onartuak izan direla azaldu du Fernandez, batzuk irisgarritasunari buruzkoak eta beste batzuk teknikoak. Horien artean, garraio publikoko eta taxien geltokietako irisgarritasuna bermatzen duena aipatu du, baita oinezkoek lehentasuna duten ibilbideetan tunel-efektua saihestuko duena ere. Bestalde, oinezkoek lehentasuna duten ibilbide batetik kanpo dauden terrazen kasuan, ibilbide irisgarria eskatzen duen EH Bilduren zuzenketa onartu da.
Azkenik, EH Bilduko zinegotziak azpimarratu duenez, "Bilboko ostalaritza aldatzen ari da, batez ere eremu jakin batzuetan, frankiziekin eta inbertsoreekin, eta horrek auzoarekiko harremana galtzea dakar". "Eremu saturatuetan terrazak oso inbaditzaileak dira eta erabilera pribatuari ematen zaio lehentasuna. Ordenantza hau berritzeak erabilera publiko eta pribatuaren arteko oreka bilatu beharko luke eta terrazak ez daitezela kaleen erabilera unibertsalerako oztopo izan: adinekoak, haurrak, mugikortasun arazoak dituztenak…. Zalantza asko ditugu lortuko ote duen".