AKTUALITATEA


| 2026-03-18 11:45:00

Iralako Tomas Camacho eta Iturrigorri-Peñaskaleko Jose Orbegozo Gorostidi ikastetxeen eraikinen erabilera publikoa bermatzea eskatu du EH Bilduk, auzo horietako bizilagun eta elkarteekin batera parte hartze prozesu baten bidez. Martxoko Udalbatzan eztabaidatuko den mozio horren  berri eman dute Nerea Undabarrenak eta Patxi Xabier Fernandezek, EH Bilduko zinegotziek.

Undabarrenak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak "goitik behera inposatutako prozesu baten ondorioz eta inolako gardentasunik gabe" Iralako Tomas Camacho eta Iturrigorri-Peñasacaleko Jose Orbegozo Gorostidi ikastetxeak itxiko ditu.

Itxiera horiek, azaldu duenez, "eragin handia izango dute bai hezkuntza komunitateetan, bai auzoetan ere, izan ere, eskolak  auzoak dinamizatzeko trakzio-elementuak dira, jendea biltzen den espazio naturalak, gure auzoen pultsua". "Eskola bat desagertzen denean auzoetako historiaren eta izaeraren parte bat desagertzen da", gaineratu du.

Ildo horretan, Fernandezek adierazi duenez, "eskola bat desagertzea tamalgarria bada auzo batentzat, are gehiago, bere etorkizuna zein izango den ez jakitea".

Horrela, "espazio hauek auzoentzat duten garrantzia kontuan hartuta", Iralan zein Peñaskalen itxiko dituzten bi eskolen eraikinen "erabilera publikoa bermatzea" eskatzen dutela nabarmendu du. Eta hori,  bizilagunen eskutik egitea eskatzen du EH Bilduk, parte-hartze prozesu bat zabalduz auzo horietako elkarte zein auzo lagunekin batera, "elkarrekin, eraikin horien erabilera erabakitzeko auzoaren bihotza izaten jarraitu ahal dezaten".

"Espero dugu guztion artean adostasuna lortzea, Irala zein Peñaskal auzoen eta bertako bizilagunen mesedetan", esan du.