AKTUALITATEA


| 2023-05-22 13:06:00

“Postureo morearren aurrean”, EH Bilduk “politika publiko feminista gehiago; teknikari gehiago; inbertsio gehiago eta espazio eta plangintza gehiago”; defendatu ditu. EH Bilduren Bilboko eta Barakaldoko alkatetzetarako hautagaiek, Maria del Riok eta Maria Solarrek, hurrenez hurren, eta Oihana Etxebarrietak, legebiltzarkideak, Barakaldon egindako ekitaldi batean egin dituzte adierazpenok. Bertan, EH Bilduko emakume hautagaiek parte hartu dute, eta Mugimendu Feminista subjektu politiko gisa aintzatetsi nahi izan dute. Aldi berean, harekin elkarrizketarako eta lanerako espazio komunak sortzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute.

EH Bilduko ordezkariek ekitaldiaren hasieran Lourdes del Hoyoren hilketa gogoratu eta salatu dute. Era berean, euren elkartasun eta maitasun guztia helarazi diete haren senideei eta Orioko herriari.

Solarrek adierazi duenez, Barakaldon “ere nazkatuta gaude titularrak betetzeaz eta indarkeria matxistaren kasuak salatzeko kalera ateratzeaz. Mugimendu feministak kontzentrazioetara deitu gaituen aldien kontua galdu dugu”. Salatu duenez, gehiegitan eskatu diote Udal Gobernuari baliabide gehiago eta inplikazio handiagoa indarkeria matxistaren aurkako borrokan, baina “Udalaren erantzuna, kaotikoa eta deskoordinatua izan da”. “Salaketak gora doaz; kontzientziazioa ere bai; baina baliabideek bere horretan jarraitzen dute”, kritikatu du.

Horrela, “politika publiko feminista gehiago; teknikari gehiago; inbertsio gehiago; plangintza gehiago; eta postureo more gutxiago” aldarrikatu du; izan ere, azaldu duenez, “postureo horrek: propagandak, emakumerik gabeko emakumeen etxeak, alde bakarrez sortutako Udal Kontseiluak, hiriko sarreretan puntu moreak dituzten bizpahiru seinalek edo zaintza-kamerek, ez dute bermatuko berdintasunerantz inolako aurrerapausorik”.

Horrela honakoak aldarrikatu ditu: eraso horiei erantzuteko inplikatuta egon behar duten erakunde, eragileen (osasuna, polizia, gizarte-zerbitzuak, berdintasun-teknikariak), indar politikoen eta mugimendu feministaren arteko lan-eremu partekatuak; jardun-protokoloak, bai biktimak babesteko, bai gizarte-erantzunekoak; biktimak artatzeko erreferentziazko zentroak eta Benetazko Emakumeen Etxea.

Emakumeen etxea

Ildo horretan, Maria del Riok adierazi duenez, EH Bildu agintean dagoen udalerrietan, “emakumeok eskubideak irabazten ditugu” eta lau adibide jarri ditu: Arrigorriaga, Orereta, Hernani eta Galdakao. “EH Bildu gobernuan dagoela lau prozesu jarri dira martxan, hiru Emakumeen etxe ireki direla, eta laugarrena heltzear da. Lau prozesu ezberdin izan dira, herri mugimenduarekin batera, emakume talde eta talde feministekin batera martxan jarri direlako. Bide desberdinak, baina helburu bakarra, maite dugun herrian, emakumeek merezi duten espazioa izatea”, azpimarratu du.

Aldiz, Bilboko alkategai gisa, gogoratu du “Bilboko Emakumeen Etxearen eta jabekuntza-eskolaren gabezia, nahiz eta hiriko mugimendu feministaren salaketa eta aldarrikapen historikoa izan”. “Tamalez, Bilboko EAJ Euskal Herriko atzerakoiena da berdintasunaren arloan. Horrela bakarrik azaldu daiteke Donostiak, Gasteizek edo Iruñeak espazio horiek izatea eta, Bilbon, EAJk eta PSEk, behin eta berriz uko egitea emakumeen parte-hartzean urratsak egiteari”, salatu du.

María del Riok EH Bilduk, mugimendu feministarekin batera, emakumeentzako ahalduntze espazioak eta emakumeen etxea martxan jartzeko konpromiso irmoa berretsi du.

Bere aldetik, Oihana Etxebarrieta adierazi duenez, “inoizko kanpaina feminizatuena omen da hau, baina guk feminizatua baino, feministena izatea nahi dugu, egungo errealitateak eskatzen duen tamainako aldaketak, feminista izan behar duelako ezinbestean”.

Etxebarrietak nabarmendu duenez, herri bezala, eta mugimendu feministak aspaldidanik mahai gaineratu duen moduan, bi “erronka ezinbestekori” heldu behar diegu: “Indarkeria matxistarik gabeko Euskal Herria eraikitzeko politiko publiko integralak martxan jartzea eta zaintza sistema publiko komunitarioa herritar guztion mesedera jartzea”. Eta horretarako tresna “gobernantza feminista” izan behar dela gaineratu du, “elkarlana, ardura partekatuak eta botere banaketa ardatz izanik”.