AKTUALITATEA


| 2022-11-23 09:44:00

Bilboko EH Bilduko udal taldeak mozio bat aurkeztu du biharko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko. Horren bidez, udal gobernuari  eskatzen dio ahalik eta epe laburrenean bizikleten pasabidea berreskura dezala Olabeaga eta Zorrotza arteko bidegorriaren tartean, gaur egun Zirgarien kaian dagoen Zorrotzako kirolgunetik gertu, izan ere,  luizi baten ondorioz moztuta dago orain dela urte bete.

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak, azaldu duenez, iazko azaroaren amaieran, euri-jasen ondoren, lur-jausi bat gertatu zen Zorrotza-Olabeaga bidegorrian, hirian gehien erabiltzen den bidegorrietako bat, hain zuzen ere, Bilbotik Ezkerraldera eta Enkarterrira irteten diren txirrindulari gehienek bidegorri hori erabiltzen baitute.

Gogoratu duenez, “denboralearen ondorioz, tonaka lur eta harri erori ziren bizikleta-azpiegituraren gainera, eta hormigoizko bloke batzuk jarri zituzten zonaldea babesteko”. “Ondoren, Udalak ohartarazpen- eta erregulazio-seinale batzuk jarri zituen oinezkoei eta txirrindulariei zuzenduta,  behin-behineko irtenbide gisa”, gaineratu du.  

Zubizarretak esan duenez, ia urtebete igaro da luizia gertatu zenetik, “eta oraindik bidegorritik ez dituzte hondakinak kendu”. Hori dela eta, “txirrindulariek ezin dute bidegorriaren zati bat erabili, bizikletatik jaitsi eta berrogeita hamar bat metro oinez egitera derrigortuta baitaude eta, horren ondorioz, pertsona askok ez dute bidegorri hau erabiltzen, ez baititu baldintza egokiak eskaintzen”.

“Uste dugu denbora gehiegi igaro dela luizia gertatu zenetik, eta badela garaia bidegorri hori berreskuratzeko behar diren lanak egiteko, pertsona guztiek berriro baldintza onenetan erabili ahal izan dezaten, mugikortasun jasangarria lortze aldera”, nabarmendu du.