AKTUALITATEA


| 2023-05-12 12:49:00

Iker Casanova Ahaldun Nagusirako hautagaiak eta Maria del Rio Bilboko alkategaiak Erriberako merkatuan egindako adierazpenetan ohartarazi dutenez, energia, elikagaiak eta etxebizitza bezalako oinarrizko premien prezioen igoerak “familia askoren egoera ekonomikoa jasanezina bihurtzen du”. Egoera horren aurrean, eraldaketa-prozesuen beharra defendatu dute, bai eta pertsonen interesak defendatuko dituzten politikak abiaraztea ere, oligopolioen edo enpresa handien interesak babestu beharrean.

Casanovak gogoratu duenez, etxeetako energia-faktura % 124raino igoera izatera heldu da, eta inflazioak 1994tik izan duen hazkunderik handiena izan du, “pertsona askok erosteko ahalmena oso murriztuta ikusi duten bitartean, enpresa handiek irabaziak izaten jarraitzen dute”. Horregatik, nabarmendu duenez, “oligopolioei eta enpresa handiei mesede egin dieten orain arteko politiken aurrean, pertsonak erdigunean jarri eta haien interesak defendatuko dituzten politikak behar ditugu”.

EH Bilduren hautagaiaren esanetan, “beharrezkoa da energia berriztagarria sortzeko sektore publikoaren energia-gaitasuna handitzea, herritarrek behar energetikoak estaltzeko, eta beharrezkoa da bizi-maila duinerako egokia den Lanbide Gutxieneko Soldata 1.400 eurotan ezartzea, euskal errealitate sozioekonomikoaren arabera”.

“Lidergo publikoa beharrezkoa da 5.0 industria-eredua abian jartzeko, eskualde bakoitzaren beharrak kontuan hartuko dituen eredu teknologikoa, aurreratua, soziala, ekologikoa eta iraunkorra eta beharrezkoa da baita Bizkaiko herritarrak eta zaintzak erdigunean jarriko dituzten abangoardiako gizarte-politikak abian jartzea.  Hori da EH Bilduren apustua”, azpimarratu du.

Maria del Riok energia faktura eta elikagaien prezioen igoerarekin batera, alokairu eta hipoteken igoerak jasangaitzak izaten ari direla gogorarazi du. Bilbon dagoen etxebizitza arazo larria aipatu du eta auzoen arteko desberdintasunak areagotu baino ez direla egin azken urteetan. “Bilboko Hirigunea Europa osoan gazteen langabezia-tasa handiena duten hiriguneen artean dago. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Bilbo pobrezia tasa altuena duen hiria da”, adierazi du.

Bilbo estankaturik dago

Bilboko alkategaiak ohartarazi duenez, “momentu honetan Bilbo estankaturik dago, egungo udal gobernuaren kudeaketa ezaren eta epe laburreko ikuspegiaren ondorioz”. Nabarmendu duenez, “egungo erronka sozialek eraldaketa prozesuak eskatzen dituzte”. Ildo horretan, Erriberako merkatuan adierazi du, EH Bilduk “multinazionalen eta frankizien aurrean, udal merkatuak indartzearen aldeko eta hurbileko merkataritzaren aldeko apustua egiten dugula, enplegua sortzeko eta auzokideen arteko harremanak sendotzeko motor gisa”. Horrela, tokiko merkataritzara bideratutako alokairu publikoetarako lokal hutsak erostea proposatu du.

 “Hiri bizia nahi dugu, auzoen arteko arrakalarik gabea eta pertsona guztiek bizi-kalitatea izango dutena, eta horretarako beharrezkoa da eraldaketa, eta eraldaketa hori EH Bilduren eskutik etorriko da”, nabarmendu du.