AKTUALITATEA


| 2024-09-12 11:06:00

Patxi Xabier Fernandez Monje Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotziak gaur salatu duenez, "beste behin ere" metroaren 4. linearen proiektua atzeratu egin da, eta hori "onartezina" dela esan du, "Bilboko hegoaldeko bizilagunek bi hamarkada baino gehiago daramatzatelako metroa  noiz iritsiko zain". Ildo horretan, Udal Gobernuari eta, bereziki, Juan Maria Aburto alkateari eskatu die" gaiari hel diezaiotela eta metroaren 4. linea lehenbailehen errealitate izan dadin lan egin dezatela". 

"70.000 pertsona baino gehiago bizi dira Bilboko hegoaldean, eta, adibidez, ospitalera joateko autobus bakarra dute orduero", adierazi du. Metroaren 4. linea "Bilbo metropolitarraren elementu egituratzaile gisa beharrezkoa" den mugikortasun-azpiegitura dela gaineratu du. 

Fernandezek gogoratu duenez, 2023ko martxoaren 9an, FULCRUM, PLANIFICACION, ANALISIS Y PROYECTO S.A.U. enpresari esleitu zitzaion "Bilboko metropoli-trenbidearen 4. lineako eta hegoaldeko zonako eraikuntza-proiektua idazteko zerbitzua" egiteko kontratua, 15 hilabeteko epearekin. Lanak 2024ko ekainaren 19an amaituko zirela ezarri zen. 

Azaldu duenez, joan den ekainean  Amancay Amets Villabak, EH Bilduko legebiltzarkideak, txosten horren kopia eskatu zuen, eta orain jakin izan dugu Euskal Trenbide Sareko Kontratazio Batzorde Delegatuak 2024ko uztailaren 11n emandako ebazpenaren bidez, kontratu horren epea 2025eko uztailaren 19ra luzatzea onartu zela esaten du. “Horrela lan hori gutxienez urte eta hilabete beranduago egingo da”, esan du. 

ADIFek eta ADIF RAMek Ametzola-Zabalburu eta Basurto-La Concordia inguruetan dituzten tuneletako puntuak hodei bidez eskaneatzea izan dela atzerapenaren justifikatzeko arrazoia azaldu du EH Bilduko zinegotziak. “Ezin dugu atzerapen gehiago onartu, eta are gutxiago zalantzagarria den justifikazio batekin. Lidergoa, borondate politikoa eta gauzatzeko konpromisoa behar ditugu”, nabarmendu du. 

Bertan behera gelditzeko arriskua 

Ildo horretan, Juan Mari Aburto alkateari eskatu dio "L4ren eraikuntzaren buru izan dadila erakunde eskudunen aurrean". "Bilbotik proiektu hau gidatzen ez badugu, bertan behera erortzeko arriskua du", ohartarazi du. 

Bere ustez, "hau 4. linearen legegintzaldia izan behar da, bai Udalean, bai Batzar Nagusietan eta baita Gasteizko Legebiltzarrean ere, eta helburu horrekin lan egingo du EH Bilduk orain arte egin duen bezala", hainbat ekimen erregistratu baititu erakunde ezberdinetan.

Izan ere, 2021eko otsailean, EH Bilduren ekimenez, osoko bilkuraren akordio bat lortu zen, Euskal Trenbide Sareari (ETS) eskatzeko lehenbailehen ekin ziezaiola Metroaren 4. linea eraikitzeko proiektuaren lizitazioari, eta, ahal izanez gero, 2022ko lehen seihilekoa baino lehen. 2022an, EH Bilduk beste ekimen bat aurkeztu zuen, Bilboko Udala metroaren 4. linea lehenbailehen errealitate bihurtzeko eskaeraren buru izan zedin.

"2024an gaude, eta beste atzerapen baten aurrean gaude, onartezina da, ezin dugu denbora gehiago pasatzen utzi, ibilbidea zehaztu behar dugu, proiektua idatzi eta egungo legegintzaldia amaitu baino lehen gauzatzeko lizitazioa egin behar dugu", nabarmendu du.

Azkenik, Fernandezek adierazi du EH Bildurentzat ezinbestekoa dela proiektu honen inguruan adostasunerako oinarri zabalak ezartzea: "Bizilagunekin eta eragile sozialekin adostu behar da ibilbidea, geltokien kokapena, eta metroaren gainerako lineekin lotzea, 4. linea arrakastatsua izan dadin eta, aldi berean, lehenbailehen egin dadin".