AKTUALITATEA


| 2023-05-05 20:17:00

Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak gaur ohartarazi duenez, hurrengo udal hauteskundeak “gehiengoaren zerbitzura dagoen Bilbo bat amesteko aukera leiho bat izan daitezke, edo ideiarik eta ekimenik gabeko eredu zaharkitu bat sendotu ahal dute”. Del Riok Uzturre Plazan egin ditu adierazpenok, Eukene Larrea eta Nerea Matute hautagai eta barrutiko bizilagunekin batera, EH Bilduk egindako ekitaldi batean.

EH Bilduren alkategaiak aitortu du “harro” dagoela “norbaitek Bilbori buruz hitz egiten duenean, ez soilik zein polita dagoen esateko, baizik eta astelehenero Udaletxeko plaza pentsio duinen alde betetzen dela esateko, edota duela urte batzuk plaza horrek martxoaren 8an nazioarteko prentsaren titularrak bete zituenean”.

Hala ere, udalari begiratzean, “Bilbon lan, bizi eta zaintzen dutenen gehiengoaren iritziarekin bat datorren udal-gobernurik ez duela ikusten” esan du, “ zalantzarik gabe, Aburtoren gobernua baino ekologistagoak, feministagoak eta, jakina, ezkertiarragoak garelako”.

Hori dela eta, nabarmendu du “badela garaia kaleetan nagusiki sentitzen denea Udalera eramateko”. “Hori lortzeko, hauteskundeetan inoiz lortu ditugun emaitzarik onenak lortu behar ditugu. Inkesta guztiek esaten dute, baina badakigu batek soilik balio duela, maiatzaren 28koak”, azpimarratu du.