AKTUALITATEA


| 2025-05-29 11:19:00

EH Bilduri esker, Bilboko Udalak agintaldi honetan Hondakinak Kudeatzeko Udal Plan berria eta dagokion ordenantza egingo ditu, herritarren parte-hartzea bermatuz eta alderdi politikoekin hitz eginez kudeaketa-eredu berria zehazteko prozesuan. Akordio hori gobernu taldearen eta EH Bilduren artean erdibidetutako zuzenketa bat onartu ostean lortu da, alderdi soberanistak aurkeztutako mozio baten ondorioz. 

Maria del Riok, EH Bildu udal taldeko bozeramaileak, gogorarazi duenez, datorren hilabetean hondakinen tasa berria onartuko da, eta "Udal Gobernuak 'abiapuntu' gisa aurkeztu duen arren, ez dakigu zein izango den abiapuntu horren ibilbidea". 

Horren harira, edukiontzietan jasotako hondakinen datuak Bilbon "oso txarrak" direla nabarmendu du. "Zaborraren %70 baino gehiago errefusaren edukiontzian jasotzen da, %30 baino gutxiago bereizitako edukiontzietan eta organikoa %3ra baino ez da iristen", zehaztu du. 

Bere esanetan, "tabernez beteta dauden kaleetako edukiontzi berdeetan jasotzen den guztiari buruz hitz egiteko kanpainak egin arren, guztiok ados gaude hondakinekin arazo bat dagoela eta horri irtenbidea eman behar zaiola". "Are gehiago, sindikatuen bitartez jakin dugunean, TMB plantan, egun, errefusara botatzen diren hondakinak ez direla bereizten ari", gaineratu du. 

EH Bildu udal taldearen bozeramaileak azpimarratu duenez, "etxeak ez dira teilatutik hasten", eta horregatik EH Bilduk eztabaida abiaraztea "premiazkotzat" jotzen du. "Birziklatze-datuak hobetzeko, norantz jo nahi dugu bilketari dagokionez? Nola egin gaitezke geure hondakinen erantzule?", galdetu du. Del Rioren iritziz, horri guztiari buruzko eztabaida "nahitaez publikoa, gardena, parte-hartzailea eta, batez ere, serioa" izan behar da. 

Ildo horretan, esan du "beharrezkoa" dela eredu ezberdinak aztertzea eta datuak eta emaitzak alderatzea; eta "ahalik eta adostasun handienarekin Bilbori komeni zaiona aukeratzea". 

Adibidez, errefusa gutxitzeko helburuarekin, Iruñerrian hondakinak jasotzerakoan aldaketa batzuk ezarri dituzte, besteak beste, errefusaren kontenedorea ixtea, eta, ondorioz, datuen arabera, birziklapena biderkatu da. Gasteizen errefusaren edukiontziaren erabilera mugatuko da baita ere egunaren arabera. 

Azkenik, Del Riok agintaldi honetan hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida hasteko udal gobernuak agertutako borondatea poztekoa dela esan du, "gutxi batzuen esku geratuko diren txostenetatik harago, erantzukizuna kolektiboa baita, eta, gure ustez, erabakiak ere hala izan beharko luke, adostasun zabalak lortuta".