Maria del Riok, EH Bildu udal taldearen bozeramaileak, gaur adierazi duenez, Udal Gobernuak proposatutako hondakinen tasak "ez du inolako ingurumen helbururik". Horrela, alderdi subiranistak proposamen integrala egin du; fiskalitateaz harago, gaikako bilketa eta birziklatze datuak hobetzeko helburuarekin". Era berean, kuota kalkulatzeko, etxebizitza bakoitzeko erroldatutako pertsonen irizpidea ezabatzea eskatu du EH Bilduk, eta horren ordez, uraren kontsumoa erabiltzea, horrela iruzurra saihestuz eta alokairuan dauden pertsonak babestuz.
Del Riok eta Karlos Renedok, EH Bilduko zinegotziak, prentsaurrekoa eskaini dute gaur, Udal Gobernuak proposatutako hondakinen tasaren balorazioa egiteko eta EH Bilduren proposamenak zehazteko.
EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi du Europako araudiek aldaketak egitera behartzen gaituztela bi norabidetan: batetik, tasa berriak zaborren zerbitzuaren kostu osoa ordaintzeko; eta, bestetik, zabor sorreraren arabera ordaintzeko. "Bilboko Udal Gobernuak lehenengoa bermatzen arreta handia jarri duen arren, gutxi egiten du birziklapena hobetzeko", esan du.
Ildo horretan, EH Bilduren proposamenak hiru helburu argi dituela azpimarratu du: "Tasa justuagoa eta progresiboagoa lortzea; hondakinen sorreraren kalkulu eraginkorragoa egitea; eta birziklatzeko modu neurgarri posible guztiak saritzea".
Uraren erabilera vs errolda
Del Riok adierazi du EH Bilduk erroldaren irizpidea erabiltzeari uko egiten diola, hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, esan duenez, "erroldatzearen datua erabiltzeak bigarren etxebizitzetara eta beste udalerri batzuetara ihes egitea eragin dezake, eta horrek datu errealak desitxuratuko lituzke".
Bestalde, adierazi duenez, "Bilbon, dagoeneko, alokairuan bizi diren herritarrek erroldatzeko dituzten zailtasunak areagotuko lituzke". Azaldu duenez, "errealitate horrek bereziki eragiten die etxebizitza partekatzen duten pertsona zaurgarrienei eta diru-sarrera gutxiago dituztenei; hala ere, arazo hori alokairuan bizi diren pertsonen artean zabaltzen ari da, bere profila edozein izanda ere". "Erroldaren gaia, alokairua bera bezala, gero eta arazo handiagoa da Bilbon, ezin dira traba gehiago jarri", nabarmendu du.
Horren aurrean, EH Bilduk alternatiba "errealagoa eta eraginkorragoa" proposatu du, zenbat pertsona bizi diren identifikatzeko eta hondakinen sorrera ere zenbatzeko: uraren kontsumoa. Izan ere, Del Rioren esanetan, "ohikoa da uraren kontsumoa erabiltzea gure inguruko herrietan, segurtasun juridikoa du, eta kuota espezifikoa neurtzeko orduan objektiboagoak eta errealistagoak izateko aukera ematen digu".
Gainera, zehaztu duenez, kuotaren ordainketan muga bat proposatzen dute, bizikidetza-unitateren batek premia bereziren bat izango balu. "Beste onura argi bat familietan ura aurreztea izango litzateke", aipatu du.
Hobariak
Bestalde, Karlos Renedok EH Bilduk etxebizitzetan zein dendetan planteatzen dituen hobariak zehaztu ditu. Lehenengoei dagokienez, Renedok nabarmendu du berriro eskatzen dutela "hobari sozialak martxan jartzea, diru-sarreretan eta familia-unitatea osatzen duten pertsonetan oinarrituta". Horretarako, EH Bilduk Gasteizen aurkeztutako eta PSEk eta EAJk osatutako gobernu taldeak onartu zuen zuzenketa bera aurkeztu du Bilbon.
Era berean, EH Bilduk neurtu daitezkeen birziklatze modu guztiak hobaritzea proposatzen duela azaldu du, "eta hori, noski, organikotik haratago doa". Ildo horretan, autokonpostaje-proiektu bat martxan jartzea mahaigaineratu da, indibiduala zein kolektiboa, % 30eko hobaria ekarriko duena. "Horrelako zerbitzurik ez duen Hego Euskal Herriko hiriburu bakarra gara", ohartarazi du.
Halaber, Bilbaogarbi zerbitzua eta tresnak eta altzariak biltzeko zerbitzua erabiltzeagatik hobariak proposatu dituztela azaldu du Renedok, horrek ondorio oso positiboak eragingo bailituzke. "Hobari guzti horiekin, adibidez, 15.900 € baino diru-sarrera txikiagoak dituen pertsona batek, komunitateko konpostaje-programa batean egonda eta Bilbogarbi erabilita % 41,5eko hobaria izango luke", zehaztu du.
Saltokiei eta negozio desberdinei dagokienez, Karlos Renedok adierazi du organiko-zerbitzua elikadura-saltokietara eta taberna eta jatetxeetara zabaltzea proposatzen dutela, zerbitzu hori erabiltzen duenari hobariak emanez. "Eremu honetako potentziala izugarria da, baina udal gobernuak, aldiz, ez du ezer egiten", nabarmendu du. Bestalde, EH Bilduk eskatu du, ildo horretan, turismo-zerbitzuak sortzaile handitzat hartzea, eta, beraz, sortzen dutenaren arabera ordaintzea.
"Inprobisazioa"
"Hauek dira gure proposamenak, Udal gobernuak aurkeztutakoak baino bidezkoagoak, eraginkorragoak eta, batez ere, berdeagoak izatea helburu dutenak", esan du Renedok, gobernu taldearen "inprobisazioaren" aurrean bere kezka agertu duen bitartean.
"Gobernuak dio tasa hori 'lehen urratsa' dela hondakinak biltzeko eta kudeatzeko politiketan. Baina lehen urrats bat, norantz? Izan ere, esku artean duguna, une honetan, bete beharreko birziklatze-helburuetatik erabat aldenduta dauden proposamen fiskalak dira", nabarmendu du.
Renedoren iritziz, hondakinak biltzeko moduari buruzko "eztabaida bat egitea beharrezkoa da, eredu ezberdinak baitaude, alde on eta txarrekin" Gauzak horrela EH Bilduk maiatzeko Osoko Bilkuran aurkeztutako mozio baten bidez eztabaidari ekitea proposatzen du, "modu partekatuan, Europatik eskatzen dizkiguten gaikako bilketaren eta birziklatzearen helburuak betetzeko".
"Azken batean, denon artean bilketa-sistema bat bilatzea, eta horrekin batera joango den eta bultzatuko duen zerga-politika bat, gehiago eta hobeto birziklatzeko aukera emango diguna. EAJren eta PSEren beldurrek ezin gaituzte bide honetan geldiarazi", esan du.