EH Bilduren ekimenez, udal aparkalekuen gaineko 'plaza gogorrak' birnaturalizatzeko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak, egiturazko mugek ahalbidetzen dutenean eta auzokoekin kontrastean. Akordio hori gobernu taldearen eta EH Bilduren artean erdibidetutako zuzenketa bat onartu ostean lortu da, alderdi soberanistak aurkeztutako mozio baten ondorioz.
Garazi Perea EH Bilduko zinegotziaren ustez, akordio "garrantzitsua" da, izan ere, "plaza gogorrak ingurune berde, atsegin eta funtzional bihurtzea ez da soilik estetika edo erosotasun kontua, osasun publikoaz, justizia klimatikoaz eta erantzukizun politikoaz ere hitz egiten ari gara".
Pereak azaldu duenez, klima-aldaketa dela eta, "gure hirietako bizi-baldintzak izugarri aldatzen ari dira, eta horren ondorio nabarmen eta kezkagarrienetako bat da bero-uharteen agerpena". "Toki horietan tenperaturak inguruko landa-eremuetan baino nabarmen altuagoak dira, eta hori gertatzen da asfaltoa eta hormigoia bezalako materialen metaketagatik, eta landare eta itzal ezagatik", adierazi du. Gaineratu duenez, "Osasun Ministerioaren datuen arabera, 2023an 24 bizkaitar hil ziren bero-bolada bakar batean".
"Datu horien aurrean premiazkoa da neurriak hartzea", nabarmendu du, eta horixe da, hain zuzen ere, EH Bilduk aurkeztutako ekimenaren helburua, "plaza gogorrak" deitutakoak, batez ere udal jabetzako aparkalekuen gainean eraikitakoak, birnaturalizatzea.
Ildo horretan, Zumarraga, Cocherito de Bilbao, Uretamendi eta Altamirako plazak aipatu ditu Garazi Pereak "adibide" gisa, izan ere, horietan zementu larregi dago, landare gutxi eta itzal edota freskotasuna eskaintzen dituten elementu gutxi daude". Adierazi duenez, plaza horiek, gaur egun pentsatuta dauden moduan, "deserosoak izateaz gain, bero-uhartearen efektua larriagotzen dute, tenperaturak 2,5 graduraino igotzen baitituzte".
Hala ere, EH Bilduko zinegotziaren esanetan, "posible da egoera horri buelta ematea, gainera modu ekonomiko batean, eta horiek ingurune atsegin bihurtzea, naturan oinarritutako soluzioak ezarriz, hala nola altzari berdeak, mantentze-lan baxuko landaredia eta zuhaitz txikiak". "Horiek, itzala eta freskura emateaz gain, airearen kalitatea hobetzen dute, hiri-biodibertsitatea handitzen dute eta espazio publikoaren erabilera sozial inklusiboagoa eta osasungarriagoa sustatzen dute", gaineratu du.
Bere ustez, plaza horien birnaturalizazioarekin "herritarren bizi-kalitatea nabarmen hobetu dezakegu eta erronka klimatikoei hobeto erantzun diezaiokegu". "Udak gero eta luzeagoak eta beroagoak diren eta muturreko bero-aldiak ohikoagoak diren testuinguru batean, ezin dugu gainberotzen laguntzen duten hiri-espazioak mantentzen utzi. Arduraz jokatzeko unea da, eta lortutako akordioa urrats bat da norabide horretan ", amaitu du.