AKTUALITATEA


| 2023-05-14 12:58:00

Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak “oso harro” dagoela esan du “azentu ezberdinekin, Extremadurako azentutik kolonbiarrera, Euskal Herriko eskubide sozial eta politikoak aldarrikatzen dituen zerrendaren  buru izateagatik”. Izan ere, adierazi duenez, “Bilbon garrantzitsuena ez da bakoitza nondik datorren, baizik eta norantz goazen elkarrekin”.

Alkategaiak EH Bilduk Plaza Berrian egindako ekitaldi batean egin ditu adierazpenok, Angelica Orozco EH Bilduko hautagaiarekin batera. Orozco  Kolonbian jaiotako Bilboko lehen zinegotzia izango da.

Maria del Riok gogoratu duenez, joan den mendeko 50eko hamarkadan milaka pertsona iritsi ziren Bilbo gris batera leku desberdinetatik: Galizia, Andaluzia, Extremadura edo Gaztela eta Leondik, “guztiak etorkizun hobearen bila”.

Haien bizimodua zein gogorra izan zen azaldu du: “pilatutako etxeetan lo egiten zuten, txandaka langileentzako ohe beroetan, beharrezkoa zena aurrezteko eta familia osoa ekartzeko. Askorentzat, txabola bat eraikitzea izan zen aukera bakarra, hiria inguratzen zuten mendietan”. “Familia migratzaileek, soinez soin, eskuz esku, elkarri laguntzen zioten, auzolana egiten zuten”, gaineratu du. 

Azaldu duenez, “euren ondorengoak hiri gris eta kaotiko berean jaio eta hazi ziren, baina belaunaldi oso bat markatuko zuen industria-birmoldaketa eman zen”. “Ez ziren garai errazak izan, baina txaboletan bizi zirenen seme-alabak hiriaren parte ziren, eta, diktaduraren ondoren, euretako asko inplikatu ziren euskara eta euskal kultura berreskuratzen, mugimendu ekologista hasi berria abiatzen, elkarte-mugimendua josten, mundua ikuspuntu internazionalistatik ikusten”, nabarmendu du. 

María del Ríok gogorarazi duenez, “gaur egun ere jendea iristen da Bilbora, etsai berdinetatik ihes, gerretatik eta jatorrizko herrietan duten pobreziatik”. Horrela, Warsan Shire poeta somaliarraren hitzak gogoratu ditu: "Inork ez du bere semea itsasontzi batean jartzen, ura lurra baino seguruagoa denean izan ezik". “Mendeak aldatzen dira, baina desirak mantentzen dira: Bakean bizitzea eta duintasunez bizitzea”, nabarmendu du.