EH Bildu udal taldeak lortutako akordioari esker, hiriko historia soziala aitortzeko programa bat jarriko da abian, Euskalduna Ontziolako langileek egindako borrokari arreta berezia eskainiz, hain zuzen ere, aurten 40. urteurrena betetzen denean. Gobernu taldearen eta EH Bilduren artean erdibidetutako zuzenketa onartu ondoren lortu da akordio hori, alderdi subiranistak egindako proposamen baten ondorioz. Horren bidez, milaka langileren lana aitortu nahi da, haiek gabe ezin baita ulertu gaur egungo Bilbo.
Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak akordio horren garrantzia azpimarratu du, izan ere, "gure herriko memoria historikoa berreskuratzen laguntzen du", eta, gainera, data seinalatu batean egin du: "azaroaren 23an, 40 urte betetzen baitira Euskaldunako batailaren gertakari larrienetarikoak gertatu zirela, izan ere, egun tragiko horretan, Pablo Gonzalez Larrazabal bihotzekoak jota hil zen poliziaren metrailetako su-tiroetatik bere burua babesten saiatzen ari zela. Era berean, beste langile batzuk ere zauritu zituzten; besteak beste, Vicente Carril balaz zauritu zuten, Jesús Fernández Casadok erredura larriak pairatu zituen, eta beste hainbat langile ere zaurituak izan ziren, poliziaren eskutik jasandako kolpeen ondorioz".
Maria del Riok gogorarazi duenez, Euskaldunako ontziola 1900. urtean sortu zenetik, Bizkaiko jarduera industrialaren ardatz nagusietako bat izan zen, finean, “Bilboren sinbolo bat, lan borrokaren ikurra, lehen eta orain". “Ezin dugu ahaztu 2.700 lanpostutik gora suntsitu zirela eta ezin dugu ahaztu ere inguruko enpresa eta taller txikietako beste milaka pertsonengan ere eragina izan zuela, baita industria-eremutik urrun dauden beste sektore batzuengan ere", azaldu du.
Era berean, EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri ditu Euskaldunan mobilizatu eta lehen lerroan jarri ziren emakumeak, "merezi duten protagonismoa eta aintzatespena izan ez dutenak". Esan duenez, langileen kide, ama eta alaba talde bat mobilizazioetan parte hartzen hasi zen, eta “Euskaldunako Emakumeen Asanblada” 1984. urtean eratu zuten, Euskaldunako langileen borroka posible eginez.
"EH Bildun badakigu memoria historikoak eta sozialak bere lekua izan behar duela, eta gertakari horiek gure memoria kolektiboan duten garrantzia kontuan hartuta, beharrezkoa da errekonozimendu plan bat garatzea, iragana ahazteak etorkizunik ez izatea dakarrelako. Euskaldunaren eta, nola ez, langile-klasearen borrokak gure borroka izaten jarraitzen du", amaitu du.